Zarautz Palestinarekin herri ekimenak bat egin du astearterako deituta dauden protestekin

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 5a, 13:14

Palestinari babesa adierazteko Bilbon egindako protestabat. (@BDSBizkaia)

Goizean lantegietan eta eskoletan egingo dituzte protestak, eta arratsaldean, berriz, udaletxe aurrean izango da elkarretaratzea.

Zarautz Palestinarekin herri ekimenak asteartean kalera ateratzera deitu ditu zarauztar guztiak, Gernika-Palestina deialdi herritarrarekin bat eginez. Horrek Euskal Herri osoan zehar iragarri ditu protestak astearterako Gazako sarraskia gelditzeko eskatuz.

Zarautzen, astearte goizean lantokietan eta eskoletan mobilizatuko dira, sindikatuek eta gazte zein ikasle mugimenduek deituta. Arratsaldean, berriz, udaletxe aurrean egingo da elkarretaratzea, 19:00etan.

Zarautz Palestinarekin herri ekimenak gogorarazi du urrian ere ehunka herritar atera zela kalera Palestinarekin elkartasunez, eta orduan bezala, orain ere eragileei eskatu die bat egin dezatela protestarekin: "Urriaren 19an mobilizazioa deitu genuen Zarautzen, Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioa salatzeko. Herriko gehiengo sindikalaren, hiru alderdiren eta 20 eragile baino gehiagoren atxikimendua jaso zuen deialdiak, eta ehunka herritar atera zen egun horretan Zarauzko kaleetara. Orain, mobilizazio hura babestu zuten eragileei berriro ere deia egiten die Zarautz Palestinarekin ekimenak, asteartean berriro ere elkarrekin kalera ateratzeko, eta eragile bakoitzak bere ohiko bideetatik deialdia zabaltzeko", esan dute.

Eragileen aniztasunaz ere aritu da Zarautz Palestinarekin herri ekimena, eta mobilizatzen jarraitzeko beharra azpimarratu du: "Badakigu askotarikoak direla Zarautz Palestinarekin herri ekimena babestu zuten eragileak, eta ezberdintasunak dituztela gatazkari buruzko irakurketan. Guztiek, ordea, ulertzen dugu Israel egiten ari den genozidioak marra gorri guztiak gainditu dituela eta basakeria horren aurrean ezin dugula isilik geratu. Israel gerra-krimen larriak egiten ari da Gazan, ospitaleak, anbulantziak, eskolak, haurrak eta zibilak inpunitate osoarekin bonbardatuz, egunero. Europaren eta erakunde askoren isiltasun konplizeak lotsatzen gaitu, eta ez gaude prest horretarako. Ez gure izenean. Beraz, ezberdintasunak ezberdintasun, Gernika-Palestina ekimenaren deialdiarekin bat egitera eta asteartean berriro kalera ateratzera gonbidatzen ditugu eragile eta herritar guztiak".