Azaroak 25

Adinekoenganako indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egingo dituzte

Mireia Galarza Bastida 2023ko aza. 7a, 13:30

Hain zuzen, lau hizlarik parte hartuko dute bertan: Monika Ramosek, Pepa Bojok, Anna Freixasek eta Beatriz Egizabalek. Arratsaldean, berriz, Amonak ihesean kale antzerkia izango da Alde Zaharrean. 

Udaleko Parekidetasun sailak antolatuta, adinekoenganako indarkeria matxistari buruzko jardunaldiak egingo dituzte azaroaren 23an. Modelo aretoan izango da hitzordua, eta goiz osoan zehar izango dira ekintzak, 9:00etatik 13:30era.

Hain zuzen, lau hizlarik parte hartuko dute bertan: Monika Ramosek, Pepa Bojok, Anna Freixasek eta Beatriz Egizabalek. Ramosek irekiko du jardunaldia, Adineko emakumeen aurkako genero indarkeria: isildutako errealitate bat hitzaldiarekin. Jarraian, Bojoren txanda izango da, eta berak adin tarte horretan indarkeria jasaten dutenekin esku hartzeko gakoak eta emakumeen etxeen zereginak azalduko ditu.

Gero atseden txiki bat izango dute parte hartzaileek, eta hori amaituta, Anna Freixasen txanda izango da. Zehazki, zahartzeak gizartean ekar ditzaken zailtasunei buruz jardungo du, baita horien duintasuna eta justiziari buruz ere. Amaitzeko, aldiz, Beatriz Egizabalek clown ondorioak aterako ditu. Arratsaldean, aldiz, Amonak ihesean kale antzerkia izango da Alde Zaharrean. 

Izena emateko interesa dutenek 943-00 51 17 telefonora deitu edo berdintasuna@zarautz.eus webgunera idatzi  beharko dute. Online ere eman daiteke izena, esteka honetan.