Estreinako diskoarekin "biluztu" da Ithaka

Andrea Zipitria 2023ko aza. 8a, 14:00

Ithaka taldeko kideak. (Ithaka)

Hilaren 28an aterako du Ithaka taldeak lehen diskoa. Biluzten izena jarri diote lanari, barneko sentipenak kanpora atera dituztelako, batik bat. Azaroaren 24an Orion emango dute aurrerapen kontzertua.

Egun batzuk geratzen dira oraindik, baina Ithaka taldekoek gorriz margotu dute azaroaren 28a. "Urduri, baina ilusioz" dira, egun horretan kaleratuko dute-eta beraien lehen diskoa. Urte bat isiltasunean pasatu ondoren, "biluztu" egin dira; hain zuzen ere, Biluzten izena jarri dio azken lanari Orioko eta Zarauzko kidez osatutako taldeak. "Lehenengo lan solido" bezala definitu dute.

Bederatzi kantuk osatuko dute lana, eta dagoeneko horietatik bi argitaratu dituzte. Argitara atera zuten lehena Kristalezko izan zen, eta taldekideak oso pozik daude; "herritarren erantzuna oso ona" izan zela iritzi diote, eta "jarraitzaile asko" lortu zituztela horren bitartez. Bigarren abestiaren inguruan zerbait esateko goiz da gaur-gaurkoz; izan ere, atzo bertan jarri zuten entzungai plataforma guztietan. 143 du izena bigarren aurrerapen lanak, eta Belako taldeko kide Josu Ximun Billelabeitiarekin egindako kolaborazio bat da. Ildo horretatik, diskoko kolaborazio bakarra izango dela aurreratu dute. 

Lan berriko kanta kutunena zein den galdetzean, erantzuna ez dute argi, baina tartean bada !berezitzat! jotzen duten bat: diskoa itxiko duen kantua, alegia. "Abesti horretako hitzak irakurri eta entzunda azaleratzen da diskoaren nondik norakoa. Gainera, bat-batean atera zen kanta. Lokalean geuden, akorde txiki batzuk egiten hasi ginen, Leire horien gainetik kantatzen hasi zen, eta buelta asko eman gabe sortu genuen", azaldu du Arantza Igartua taldekideak. Harekin batera, Eneko Eizagirrek, Leire Olariagak eta Josune Freirek osatzen dute Ithaka taldea. 2021ean sortu zuten, eta ordutik musika estilo ezberdinekin esperimentatzen dihardute. Orain arte pop-rock estiloko musikara mugatu diren arren, estreinako diskoan "nahiko estilo ilunera" igaro direla adierazi dute, eta hori dela eta, baxuak hartu duela protagonismoa. 

Doinu horiek guztiak entzuteko aukera izango da aurki Orion; aurrerapen kontzertua emango dute Etxeluzen, hilaren 24an.