Emaitza onak lortu dituzte Judo Klub Lizardiko kideek azken neurketetan

Mireia Galarza Bastida 2023ko aza. 8a, 15:00

Gipuzkoako eta Euskadiko Senior txapelketak jokatu dituzte, eta hainbat domina eskuratuta itzuli dira etxera. Infantil eta alebinetan ere ez dira esku hutsik geratu.

Judo Klub Lizardiko kideak lanean ari dira ikasturtea hasi zenetik, eta azken asteetan emaitza onak lortu dituzte hainbat kategoriatan: Gipuzkoako Senior Txapelketan, Euskadiko Senior Txapelketan eta Gipuzkoako alebin eta infantil txapelketetan.

Gipuzkoako Senior Txapelketa urriaren 29an jokatu zuten Aritzbatalden, Gipuzkoako Judo Federazioak antolatuta, eta bertan Gipuzkoako judoka trebeenek parte hartu zuten bertan. Guztira, Judo Klub Lizardiko bederatzi lagunek parte hartu zuten bertan, eta zazpi domina lortu. Emakumeetan, Naiara Villasantek eta Lore Austingek urrea lortu zuten, Nahia Arregik zilarra eta Eva Manzanasek brontzea. Mutiletan, aldiz, hiru brontze lortu zituzten Unax Mendezek, Alejandro Tellok eta Lander Rezabalek.

Euskadiko txapelketa, berriz, azaroaren 4an jokatu zuten Gasteizen, eta bertan hiru brontze irabazi zituzten Eva Manzanasek, Nahia Arregik eta Unax Mendezek. Diana Lopezek zilarra eskuratu zuen, eta Naiara Villasantek, berriz, urrea. 

Hurrengo egunean, azaroaren 5ean, alebin eta infantil txapelketak jokatu zituzten txikienek, eta bertan, txapeldunordeak izan ziren infantil eta alebin mutilak. Infantil eta alebin neskek, aldiz, hirugarren postuak eskuratu zituzten.