Jarraipenari bide emateko

Aritz Mutiozabal - Gorka Eizagirre 2023ko aza. 9a, 13:00

Aidean boleibol kluba sortu dute, gazteek jubenil mailan jokatzen segi dezaten. Gurasoen ekimenez atera da proiektua aurrera, eta pausoz pauso ari dira lanean.

Behar bati erantzute aldera, Aidean Zarautz Boleibol Kluba sortu berri dute. "Gure seme-alabek kadete izateari utzi diote, eta jubeniletan jarraitzeko talderik ez zegoen. Orduan, jokatzeari utzi behar zioten, edo beste herri batera joan. Hori ikusirik, guraso batzuk elkartu ginen, eta guk geuk taldea sortzea erabaki genuen", azaldu du Unai Odriozola gurasoak eta klubeko batzordekideak. Hortik aurrera, ateak jotzen hasi eta Zarautz Kirol Elkartearekin jarri ziren harremanetan, baina gutxieneko baldintza batzuk eskatzen zizkieten, eta ikusi zuten "oraindik txikiegiak" zirela horri erantzuteko. Ondorioz, beraien kabuz ekin diote bideari, federazioan alta emanda eta paper guztiak beteta, eta Aidean kluba sortu dute, beren seme-alabek jarraipena izan dezaten kirol horretan. 

Guztira, zortzi guraso murgildu dira erronka berrian, eta bakoitzak bere onena ematen du dakien horretan kluba gidatzeko orduan. Etxeko lanak horren arabera banatu dituztela kontatu du Odriozolak: "Batzuk federazioarekin hartu-emanetan ari dira; beste batzuk entrenamenduetan laguntzen; jokalariak autoetan eramaten ere bai partidak kanpoan tokatzen direnean... Guztion artean egiten ari garen lana dago proiektuaren atzean".

Aurrekontua ere kontuan hartu beharrekoa dela azpimarratu du batzordekideak: dirua jaso, nola gastatu, elastikoak eta ekipamenduak, baloiak eta abar. "Gastuak beti agertzen dira, eta hori kudeatzen ari gara guztion artean", esan du, baina babesleren bat animatuko balitz, ongietorria izango litzatekeela ere aditzera eman du.

Momentuz, pausoz pauso ari dira lanean, ikasten eta hazten, eta lau boleibol talderekin lanean: nesken kadete eta jubenil taldeekin, eta mutilen kadete eta jubenil taldeekin. Lizardi institutuan edo ikastolako gimnasioan entrenatzen dute: astearte eta asteazkenetan, neskek; eta ostegun eta ostiraletan, mutilek.

Jokalarien ikuspegia

Zarauzko izen berezi bat jarri nahi izan zioten elkarteari, baina denak hartuta zeudenez, aidean hitza bururatu zitzaien. Polita bezain aproposa iruditu zitzaien, "jokalariak beti airean daudelako partidetan". Iaz guztiek Salbatore Mitxelena ikastolaren izenean jokatzen zutela adierazi du Urko Lopetegi kadete mutilen kapitainak. "Baina geroz eta jende gehiago ginenez, eta gauzak ongi egite aldera, jubenilak independizatu egin dira eta Aidean kluba sortu dute. Gu, aldiz, Salbatore Mitxelena gara oraindik".

Jubenil mutilen mailan lau talde besterik ez direla nabarmendu du Jakes Pellejerok, jubenilen kapitainak. "Talde askorik ez dagoenez, seniorren aurka ere jokatuko ditugu partidak. Ez zait iruditzen okerrerako denik, partida bakoitza hobetzeko baita; are gehiago, lagunartekoak izanda. Helduekin jokatzea gure onerako izango da, zeren gu baino hobeak izanda, primeran etorriko zaigu eskarmentua hartzeko".

Kadete mutiletan bederatzi talde direla aipatu du Lopetegik, eta haren esanetan, boleibolak azken urteetan izan duen gorakadaren seinale da hori: "Kalean umeak boleibolean jokatzen ikusten ditut, eta lehen apenas ikusten nituen. Orain, berriz, nahiko ohikoa da, eta pozgarria da hori".

Garazi Txapartegi eta Maialen Fernandez jubenil nesken taldeko jokalariak dira, eta "oso gustura" daude jokatu dituzten lehen jardunaldiekin. Hiru partida jokatu eta denak irabazi dituzte, eta dinamika baikor horretan jarraitzea espero dute; 24 talde dira beraien ligan, eta orain arteko aurkarien maila ona izan dela adierazi dute. 

Hori hala izan dadin, ezinbestekotzat jo dute iaz kadeteetan egindako lanari jarraikortasuna ematea. "Maialen berria da taldean, eta beragatik eta bera bezalako jendearengatik segida eman ahal izan diogu taldeari. Horri eskerrak, jokatzeko gogoari eutsi diogu, eta pozarren ari gara", gaineratu du Txapartegik.

"Talde lana" nabarmendu dute boleibola definitzeko orduan, baita "kontakturik gabekoa" dela ere, eta hori gustuko dutela. "Gainera, lagunartean jokatze hori oso dibertigarria da. Azkenean, jokalari bakoitzak ekarpen bat egiten du, eta guztiok gara elkarren osagarri", zehaztu du Fernandezek.

Pasioa helarazten

Duela bost urtetik Zarautzen bizi den Cristiana Maria Hardman brasildarra da klubeko nesken zein mutilen entrenatzailea, eta argi du zein den bere zaletasuna: "Nire pasioa boleibola da, bai hondartzakoa, bai pistakoa. Hona iritsi nintzen egunetik jokatzeko tokiak bilatu ditut. Neska-mutil hauek prestatzeko aukera sortu zitzaidan iaz, eta oso gustura nago, benetan".

Eskarmentu eta ibilbide luzeko jokalaria izan zen Hardman, eta orain bere ezagutza Zarauzko jokalari gazteei helarazten ari da. "Gurasoek sekulako ahalegina egin dute, eta ni bihotzez ari naiz, boleibolerako zaletasuna ahalik eta gehien haz dadin. Nire terapia da, azken finean". Berezkoa duen motibazioa kutsakorra dela dio, eta atsegin du erakusten diena jokalariek praktikara nola eramaten duten ikustea. "Oso azkarrak dira, eta berehala ikasten dute".

Zarautzen dagoen kirol eskaintza zabalaren artean, orain beste aukera bat gehiago izango dute gazteek: airean baloiari ematekoa.