Jakien bidez kultur aniztasuna sustatzen

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 12a, 08:00

Integrazioaren eta kultur aniztasunaren aldeko beste pauso bat eman zuten atzo Zarautzen Bertakoak programari esker.

Herrialde desberdinetako gastronomiak ezagutu bai, baina elkar ezagutzeko aukera ere izan zen atzo Zarauzko elkarteetan. Bertakoak egitasmoaren barruan antolatutako bazkarietan hamaika elkartek eta beste hainbat herrialdek hartu zuten parte. Ahoa eta sabela gozatzeaz gain, mahaiaren bueltan eseri eta berriketa saio aberatsak partekatzeko aukera izan zuten parte hartzaileek.

Hala, Arranon Honduraseko herritarrekin elkartu ziren, Ezker Tokian kolonbiarrekin, Kurpilen peruarrekin, Alkartasunan Paraguayekoekin, Carballeiran ukrainiarrekin, Batzokian brasildarrekin, Itxasmendin nikaraguarrekin, Iñurritza jubilatuen elkartean Guatemalakoekin, Urpekoaken argentinarrekin, eta Galeperran ekuadortarrekin.

Ekimenaren balorazio positiboa egin du Julen Aranguren Immigrazio teknikariak. "270 bat lagun bildu dira Zarauzko 11 elkarteetan integrazioaren eta kultur aniztasunaren alde. Zarautz bezalako herri batentzako ekintza esanguratsua da. Parte hartu duteb lagunak gustura egon dira, eta seguruenez datorren urtean ere errepikatuko dugu".