Jai giro ederra Urdanetako sanmartinen azken txanpan

Maria Maya Manterola 2023ko aza. 12a, 14:00

Bi asteburuz jai giroa izan da nagusi Urdanetan. Gaur ari dira ospatzen festen azken eguna, eta auzoko frontoian egin dute bat auzotarrek nahiz inguruko herrietatik gerturatutakoek, pala eta pilota txapelketako finalak ikusteko. 

Gaur emango diete amaiera Urdanetan San Martin jaiei. Bi asteburuz egitarau oparoaz gozatzeko aukera izan dute auzotarrek eta bertaratutakoek, baina festak datorren urtera arte agurtu aurretik, auzoko frontoian elkartu dira. Bertan jokatu dituzte pala eta pilota txapelketako finalak, eta mokadutxo bat jan bitartean norgehiagokak bertatik bertara ikusi dituzte zenbaitek. 

Partidak amaitutakoan, poteoa egin dute auzoan zehar Laja eta Lutxurdio trikitilariek alaituta. Arratsaldean jarraituko du bikoteak auzoa girotzen, 18:00etatik aurrera. Amaitzeko, festei amaiera emateko patata dantza lehiaketa eta traka zaratatsua izango dira Urdanetan.