Indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiak izan dituzte gogoan Memoriaren Eguneko ekitaldian

Juan Luis Romatet 2023ko aza. 12a, 18:00

Memoriaren Nazioarteko Eguneko ekitaldia egin dute gaur Arrosategi parkean. Bost minutuko isilunea mantendu dute bertaratu direnek, eta amaieran lore eskaintza egin dute.

Memoriaren Nazioarteko Eguna da gaur. Horren harira, indarkeriaren eta terrorismoaren biktima guztiei aitortza egin diete eguerdiko 12:00etan Zarautzen, Arrosategi parkean. Bertan izan dira udalean ordezkatuta dauden alderdietako ordezkariak, baita herritarrak ere.

Jesus Aranak lehen alkateordeak euskaraz, eta Gloria Vazquez bigarren alkateordeak gazteeraz, irakurri duten oharrean adierazi dutenez, "memoriak oinarrizko zutabea izan behar du indarkerarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsan, babesean eta berme eraginkorran oinarritutako bizikidetza-ereduan".

Biktimak gogoan izan dituzte gaurko ekitaldian. Udal ordezkariek adierazi duten bezala, "biktimak ezin ditugu ahaztu, ez ditugu ahaztu behar, ez ditugu ahaztu nahi, memoria baita bermerik onena berriro ez gertatzeko". "Biktimak dira indarkeriaren eta terrorismoaren min, sufrimendu eta bidegabekeria erradikalenaren ordezkari", jarraitu dute esaten. Bereziki, Hamasen erasoaren ondorioz urriaren 7an hil zituzten Ivan Illarramendi eta Loren Garcovich gogoratu dituzte gaurko ekitaldian.

Nabarmendu dute Arrosategi parkean egindako ekitaldian biktimak, herritarra "eta Udala osatzen dugun udal talde guztiak" izan direla ordezkatuta. "Espazio berean eta helburu berarekin: Bizikidetza eta elkarbizitza indartu, motibazio politikoaren biktima guztiei gure elkartasuna helarazi eta 'Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea' helburuen alde lan egiten jarraitu".

Bost minutuko isilunea mantendu dute jarraian, eta lore eskaintza ere egin da. Ondoren, nahi izan duten guztiak izan dute Memoriaren Liburuan beraien hausnarketak idazteko aukera.