'Gure hitz kuttunak' egitasmoa egingo dute, herritarren eta merkatarien artean euskara sustatzeko

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 15a, 16:30

Euskarazko hitzez beteta dagoen Zigordia kaleko horma irudia. (Aritz Mutiozabal)

Herriko 34 establezimenduk hartuko dute parte, eta azaroaren 20tik 26a bitartean, bezeroek beraien euskarazko hitz gogokoena aukeratu ahal izango dute. Parte hartzaileen artean, 100 euroko zazpi erosketa bonu zozkatuko dituzte.

Euskararen Egunaren harira, Zarauzko Udaleko Euskara departamentuak Gure hitz kuttunak izeneko egitasmoa antolatu du herriko merkataritza establezimenduetan euskararen erabilera sustatzeko. Datorren astean jarriko dute abian, azaroaren 20tik 26ra, eta bi helburu nagusi izango ditu: batetik, herritarren eta merkatarien artean euskarazko harremanak bultzatzea, eta bestetik, herriko merkataritza sektorearen parte hartzea bideratzea, Euskararen Egunaren egitarauarekin bat eginez.

Egitasmoaren izenburuak argi uzten duen bezala, establezimenduetako bezeroak animatu nahi dituzte beraien euskarazko hitzik kutunena aukeratzera. Horretarako, kartel bat eta kutxak jarriko dituzte dendariek, bezeroak animatu eta hitzak idatzi ondoren, ontzietan sartzeko. Era berean, parte hartzaile bakoitzak bere izena eta telefono zenbakia jarri beharko du paperean.

Parte hartzen duten guztien artean sariak zozkatuko dituzte: 100 euroko zazpi erosketa bonu, parte hartzen duten establezimenduetan gastatzeko, alegia. Bestalde, erosketak egiterakoan euskaraz eskatzen dutenei poltsak oparituko zaizkie, Eskatu-eskaini euskaraz eta Euskaraz barra-barra mezu eta ikurrekin.

Euskararen Eguna baino astebete lehenago hasiko da egitasmoa, eta datorren aste osoan zehar aurkeztu ahalko dira hitzak herriko 34 dendetan. Sarien zozketa abenduaren 1ean egingo dute, udaletxeko batzar aretoan, 13:30ean hasita. Bertan parte hartuko dute Murkil Merkatarien Elkarteko batzordeko kideak eta Zarauzko Udaleko Merkataritza eta Euskara zinegotziek.