40 urtez herriari doinuak jartzen

Mireia Galarza Bastida 2023ko aza. 17a, 10:00

1983. urtean sortu zuten Zarautz Abesbatza, eta badaude taldean hasieratik abesten jarraitzen duten kideak. "Lanean jarraitzeko prest" daudela azaldu dute horiek. 

Frankoren diktadura amaitzearekin batera, gizartean merezitako lekua hartzen hasi zen euskal kultura. Euskal Herriko txokoetan barrena, zientoka kultur talde sortu ziren, baita Zarautzen ere, tartean Zarautz Abesbatza. Garaiko Ignacio Lertxundi kultur zinegotziaren eta Imanol Murua alkatearen aupadaz, herrian abesbatza bat sortzeko lehen pausoak eman zituzten 1980ko hamarkadan, zehazki 1983. urtean, eta Joakin Iruretagoiena izan zen lehen urteetako zuzendaria. 40 urtean asko izan dira taldetik igaro diren zarauztarrak, baina badira oraindik hasiera-hasieratik bertan jarraitzen duten batzuk ere, tartean Arantxa Iturria (Zarautz, 1953) gaur egungo abesbatzako lehendakaria eta Inaxio Goenaga (Zarautz, 1959) abeslari tenorra.

Sorreratik 40 urtera, urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko dute Aritzbatalden, Zarauzko Musika Bandarekin batera. Bihar izango da hori, 19:30ean, eta abesbatzako kideek azaldu dutenez, "urduritasun puntu batekin" ari dira igarotzen azken egunak. Izan ere, Iturriak dio beraien ahotsak bandarekin egokitu behar dituztela, eta lan «handi samarra» dela hori, jende asko dagoelako taldean, guztira 120 pertsona. "Dei bana egin genien pertsonalki abesbatzako kide ohiei, beraiek ere kontzertu honetan parte hartu zezaten, eta egun abesbatza osatzen dugun abeslariez gain, beste 70 bat lagun animatu ziren urteurreneko kontzertura", gehitu du Iturriak. Errepertorioari dagokionez, abesbatzako lehendakariak dio ez dutela "ezer berezirik" eskainiko, aurrez kantatutako abestiak izango direla.

Hasieretara itzulita, garai haiek "ilusioz" gogoratzen ditu Goenagak, eta bera abesbatzan hasi zen moduaz ere mintzatu da: "Egunkarian iragarri zuten abesbatzaren sorrera, eta hori ikusi eta gero animatu nintzen ni. Hasieran taldea osatzea eta finkatzea zen helburua, eta handik aurrera hasi ginen pixkanaka lanean", gaineratu du. Iturria, berriz, abesbatza sortu eta hiru hilabetera sartu zen taldera, hasieran ez zelako ausartzen. "Gabon haietan kontzertu bat eskaini zuten, eta txundituta geratu nintzen. Zuzendariak berak, Iruretagoienak, deitu zidan, eta orduan hasi eta gaur egunera arte jarraitu dut. Ez naiz inondik inora damutzen, nire bizitzako zati handi bat delako abesbatza", azaldu du sopranoak.

Bizipenak, eta aldaketak

Harrezkeroztik, euri asko egin du, eta nahikoa bizipen ere izan dituzte elkarrekin. Adibidez, Goenagak buruan du Zarauzko herriaren 750. urteurreneko bat. Orduan, Frantzisko Eskuderok Joan Bautistari buruzko obra bat sortu zuen, eta horren bueltan kontzertu bat eskaini zuen abesbatzak: "Hori izango zen eman genuen lehen kontzertu sendoenetako bat; kiroldegian eskaini genuen, Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin eta Donostiako Orfeoiko kide batzuekin".

Iturriak, bere aldetik, egindako bidaiak gogoratu ditu. "Argentinara bidaiatu genuen behin, eta oso momentu hunkigarria bizitzea tokatu zitzaigun. Izan ere, abesti bat kantatzen ari ginela, publikoa negarrez hasi zen. Hasieran uste genuen gaizki ari ginela, baina gero esan ziguten abesti horrek bazuela beraientzat ere esanahia. Kasualitatea izan zen, ez genekien ezer", eman du jakitera orduan gertatua Iturriak, nostalgia puntu batekin.

Inaxio Goenaga eta Arantxa Iturria, abesbatzaren lokalean. (Mireia Galarza Bastida)


Urte guzti hauetan, abesbatza "ikaragarri" aldatu dela gaineratu dute bi kideek. Iturriak dio hasieran gizonezko pila bat zeudela taldean, baina urteen poderioz, hori aldatu egin dela. "Orain ez dago gizonik, ezta mutil gazterik ere, denek kirolera edo bestelako diziplinetara jotzen dutelako gaztetatik", dio serio. Gazteengatik orokorrean galdetuta, Iturriak "xelebrekeria" hitza erabili du gertatzen dena azaltzeko: "Gazteen abesbatzan ibiltzen dira asko, baina gero, unibertsitate garai horretan, denek uzten dute, eta ez dira itzultzen ikasketak amaitzen dituztenean".

Puntu horretan, abesbatzek duten garrantziaz hausnartu du Goenagak. Haren ustetan, herrian abesbatza bat izateak musikaz gozatzeko aukera ematen du, baita bertako kide izateko aukera ere, "abestea gustuko duen edonorentzat irekita baitago taldea". Kanpora begira, abesbatzak herriaren izena ezagutarazteko ere balio duela dio Goenagak. Herriak abesbatzari eskaintzen dionari buruz galdetuta, Iturriak zera gehitu du: "Publiko oso fidela dugu, eta hori eskertzekoa da. Izan ere, askotan galdetzen digute herritarrek noiz eskainiko dugun kontzerturen bat, eta hori pozteko modukoa da".

Aurrera begira ere badaude Zarautz Abesbatzako kideak. Azaldu dutenez, pandemiaren ondorioz gutxiago irteten dira kalera, baina irteten diren aldiro "gauzak ondo egiten" saiatzen direla adierazi dute Iturriak eta Goenagak. "Gustura geratzen dira gurekin, eta helburua izango da horrela jarraitzea. Ikasten jarraitu nahi dugu, eta abesbatzaren proiektuari eutsiko diogu, denon artean lan eginez".