Bihar zabalduko dute izen-ematea Salberdingo azken etxebizita tasatuetarako

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 17a, 17:15

Mikel Soraluce Promociones Salbideko kudeatzailea eta Xabier Txurruka Zarauzko alkatea. (Zarauzko Udala)

139 etxebizitza zozkatuko dituztelako guztira, eta oinarriak betetzen dituzten herritarrek abenduaren 18a arteko epea dute eskaera orria aurkezteko.

Salberdin auzoan eraikiko dituzten etxebizitza tasatuak eskuratzeko zozketan parte harte hartu nahi duten herritarrek bihartik aurrera izango dute izena emateko aukera. Promociones Salbide enpresak eraikiko ditu etxebizitzak eta 139 izango dira orotara: 94 Erregimen Berezikoak eta 45 Erregimen Orokorrekoak.

Hori horrela, "Zarautzen inoiz egin den etxebizitza tasatuen promoziorik garrantzitsuena" dela azpimarratu du Xabier Txurruka alkateak. Horrez gain, zehaztu du Salberdinen egingo duten babestutako erosketarako "azken zozketa" izango dela. Nolanahi ere, alokairura bideratutako etxebizitzak esleitzeke daude oraindik. Hala, lan guztiak amaitutakoan, "Salberdingo auzo berrian babestutako 557 etxebizitza izango dira, horietatik 154 alokairura zuzenduta", alkateak nabarmendu duenez.

Salberdingo etxebizitza tasatuen azken zozketari erreparatuta atzera berriro, interesdunek abenduaren 18a arteko epea dute eskaera orria aurkezteko. Modu telematikoan egin dezakete hori bihartik udaleko web atarian edota presentzialki astelehenetik aurrera Zarautz Lur etxebizitza bulego publikoan. Bete beharreko eskaera orri hori, berriz, Zarautz Lurren, udalaren webgunean edota Promociones Salbideren webgunean dago eskuragarri.

Oinarriak eta prezioak

Udalak jakinarazi du, halaber, etxebizitzen esleipen prozedurarako oinarriak gaur bertan argitaratu dituztela Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Bada, oinarri horien arabera, zozketan parte hartu ahal izateko eskatzaileek honako baldintza hauek bete beharko dituzte: Etxebide Babes Publikoko Etxebizitza Esleitzeko Zerbitzu Publikoaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea 2024ko urtarrilaren 15ean, eta, gaurtik atzera zenbatzen hasita, gutxienez 5 urtez etenaldirik gabe Zarautzen erroldatuta egotea, edo, etenaldiekin edo gabe gutxienez 10 urtez.

Errentari lotuta, bestalde, 2022ko diru sarrera haztatuak hartuko dituzte aintzat Erregimen Bereziko nahiz Erregimen Orokorreko zozketetarako. Lehenengorako, gehienez 55.009,50 euro eta gutxienez 15.600 irabazi izana; bigarrengorako, aldiz, gehienez 63.472,50 euro eta gutxienez 18.000 irabazi izana.

Zozkatuko dituzten etxebizitza tasatuen prezioak ere zehaztu dituzte, eta, trastelekua eta garajea barne izango dute guztiek. Honakoak dira prezioak: Erregimen Bereziko etxebizitzek 235.480,17 euro eta 310.645,90 euro artean balioko dute, eta, Erregimen Orokorrekoek 291.352,01 eta 374.855,46 artean.