Ikusgai dago dagoeneko 'Baserri ahaztuak' erakusketa Torre Luzean

Andrea Zipitria 2023ko aza. 18a, 14:00

Zarauzko Argazkizale Elkarteko presidente den Jon Atxutegik Euskal Herriko haran sakonetan, zelai berdeen eta baso itxien artean, oraindik ere zutik dauden abandonatutako baserriak jaso ditu erakusketan. Guztira, 40 argazki daude ikusgai.

Baserri ahaztuak izeneko argazki erakusketa inauguratu zen atzo, Torre Luzean. Jon Atxutegi Zarauzko Argazkizale Elkarteko presidentearenak dira argazki guztiak. Aurkezpenean zehaztu zuenez, 40 argzki jaso ditu erakusketan, baina askoz ere gehiago izan dira atera dituenak. Guztiak ere, Euskal Herriko haran sakonetan, zelai berdeen eta baso itxien artean, oraindik ere zutik dauden abandonatutako baserriak dira. Horietatik guztietatik, bat du faborito: "erakusketako lehenengo argazkia". Horiek guztiak ikusteko aukera izango da datorren urtarrilaren 17a bitartean, egunero, 18:00etatik 20:00etara. Abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da aretoa.