Euskaraz korrika eginaz, gozatua hartu dute ehundik gora lagunek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 18a, 17:30

AEKalean ekimenaren barruan antolatu dute Euskara Bizi Egunean egitekoa zueten lasterketa herrikoia eta Eneko Alberdi eta Elena Beristain gailendu dira. Musika Plazan izan dute helmuga nahiz abiapuntua eta Indabe musika taldearen kontzertuaz gozatzeko aukera ere izan dute bertan.

Eguraldia lagun, herritar ugari bertaratu da Zarauzko AEK-k antolatutako euskararen aldeko festara gaur goizean. Aurreko edizioetakoa baino beteagoa izan da aurtengo AEKalean ekimeneko egitaraua; izan ere, iraileko Euskaraz Bizi Egunean egin ohi duten lasterketa herrikoia gaurko egunera azteratu zuten orduan izan zuten eguraldi euritsua tarteko.

Hain jusutu, Euskararen Aldeko Herri Lasterketa hori izan da goizeko ekitaldi jendetsuena. 104 herritarrek hartu dute parte orotara, eta, horietatik ia erdia haurrak izan dira. 51, zehazki. Parte hartzaile guztien artean azkarrenak Eneko Alberdi eta Elena Beristain izan dira. Biek ordu laurden eskasean osatu dute Musika Plazatik abiatu eta amaitu den ibilbidea. Alberdiren atzetik, Asier Astigarraga eta Raul Ridruejo helmugaratu dira gizonezkoetan, eta, iazko podiuma errepikatu dute horrela, baina ordena aldatuta. Emakumezkoetan, berriz, Ahizpea lertxundi izan da bigarrena eta Aines Galarraga hirugarrena.

Lasterketaren amaitu bezain pronto egin dute sari banaketa, eta haurren artean opariak zozakatu dituzte. Halaber, mokadutxoa jateko eta zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izan dute Musika Plazan bertan Indabe taldearen kontzertuarekin. Aurrez, 10:00etan, Andra Mari Zeruratzea parroki elizako arkeologia eta monumentu multzora ere bisitatu dute. Antolatzaileek zehaztu dutenez, 20 lagunek hartu dute parte bisita gidatuan eta "oso gustura" aritu dira.