Txiki geratu da Aritzbatalde Zarautz Abesbatzaren eta Musika Bandaren festan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 19a, 11:30

Ehunka lagunek jarraitu dute herriko bi taldeen 40. urteurrena ospatzeko emanaldia. Ordu eta erdi iraun du saioak eta txalo zaparrada luzeak jo dituzte bertaratuek.

Handia zen Zaraurz Abesbatzaren eta herriko Musika Bandaren 40. urteurreneko kontzertuak sortutako ikusmina eta hala geratu zen frogatuta atzo iluntzean; izan ere, Aritbatalde kiroldegia goraino bete zituzten emanaldia bertatik bertara jarrait zuten ehunka lagunek. Harmailetako 800 eserlekuak agortu zituzten eta kantxan jarritako aulietan ere apenas zegoen hutsunerik.

Ikus-entzule guztiak beren eserlekuetan jarri zirenean, atzokoan aurkezle lanak egin zituen Juan Mari Zubiaurre kazetariak bide eman zion emanaldiari. Hala, Zarautz Abesbatzako kideak agertokira azaldu ziren Jaione Escudero zuzendariaren gidaritzapean lehenengo piezak abesteko. Jarraian, abesbatzak dituen bi talde gaztetako kideak batu zitzaizkien: Zaraztekoak, lehendabizi, eta Txinprinekoak, ondoren. Azkenik, abesbatzako kide ohiak ere agertu ziren.

Zarauzko Musika Bandak hartu zion lekukoa abesbatzari kiroldegiko kantxaren erdigunean eta Iosu Isasti zuzendariak gidatuta hainbat pieza jo ondoren, musikari guztiek bat egin zuten ahotsak intrumentuekin nahasteko. Ordu eta erdi inguru iraun zuen orotara emanaldiak, baina laburragoa egin zitzaion publikoari, gozatua hartu baitzuen. Horregatik, txalo zaparrada luzeekin eskertu zuen herriko musikarien lana.