Arkamurkak eta Pagoetak igandean egingo dute urteko azken irteera

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 20a, 12:00
Portupekolezeko arkua. (Pagoeta)

Nafarroara joango dira Lizarragako mendatean hasi eta bukatuko den 8 kilometroko ibilbidea egiteko. Gaur bertan zabaldu dute izena emateko epea eta ostiralean itxiko dute.

Arkamurka Natura Elkarteak eta Pagoeta Mendizale Elkarteak elkarrekin egingo dute urteko azken irteera aurten ere, eta, igandean izango da. Urbasako (Nafarroa) ingurua da oraingoan hautatu duten helmuga eta interesdunek dagoeneko eman dezakete izena Mendizabal kinkil-dendan. Osteguna izango da azken eguna.

Antolatzaileek zehaztu dutenez, 07:30ean abiatuko dira Agoueseko biribilgunetik eta aurreikusten dute 15:30erako izatea herrian bueltan. Egingo duten ibilbidea 8 kilometrokoa izango da Lizarragako mendatean hasi eta amaituko dute. Bidean, geldialdia egingo dute San Adriango ermitan atseden hartzeko. Dena den, geldialdi labur gehiago ere egingo dituzte Arkamurkako kideek hainbat azalpen emango baitituzte bide osoan.

Ibilbide osoaren xehetasun gehiago ere eman ditu Pagoeta elkarteak: "Lizarragako bentako aparkalekutik abiatuta, lehen egonaldia Portupekoleze kobazuloan egingo dugu. Toki horrek inguru horretako geologia eta geomorfologia ezagutzeko aukera bikaina eskainiko digunez, paisaia interpretatzeko argibideak jasoko ditugu. Hortik San Adrian aldera abiatuko gara eta bidean zehar ikusi ahal izango dugun paisaia ederrean bertako basoak, (pagadiak) eta landaretza (harkaiztietakoa) aztertuko ditugu. Ermitan atsedena hartu ostean, buelta belardietatik egingo dugu, paraje horiek abeltzaintzarako baliatu baitira antzinatik eta basoak belardi eta sastrakadi bihurtu dituzte".