Azaroak 25

Goizean nahiz arratsaldean egingo dituzte protestak Azaroaren 25ean

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 20a, 12:30

Zarauzko Koordinadora Feministak 12:00etarako deitu du manifestazioa Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak! lelopean, eta, Urola Kostako Itaiak 18:30ean egingo du mobilizazioa Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki aldarri dutela.

Emakumeenganako indarkeriaren aurka protesta egiteko eguna izango da larunbata mundu osoan eta Zarautz ez da salbuespena izango. Hala, herriko kaleak hartzeko bi deialdi egin dituzte Azaroaren 25eko Indarkeria Matxistaren Aurkako Egunarekin bat etorrita: herriko hainbat eragile biltzen dituen Zarauzko Koordinadora Feministak, batetik, manifestazioa deitu du 12:00etarako, eta, Urola Kostako Itaiak, bestetik, mobilizazioa egingo du 18:30ean.

Biek ala biek Lege Zaharren Enparantzan jarri dituzte hitzorduak, baina hautatu dituzten leloak bestelakoak izan dira: "Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak" aldarrikatuko ditu Koordinadora Feministak eta "Indarkeria matxistari aurre egiteko sozialismoa eraiki" beharra dagoela azpimarratuko du Itaiak.