Merkatu Plazari eskainitako 'Azokatik Mahaira' saioa ikusgai

Erredakzioa 2023ko aza. 21a, 14:00

Landaolak sustatutako ikus-entzunezko ekimenak Gipuzkoako merkatuetan saltzen dituzten tokiko produktuei balioa ematea du helburu eta bigarren atala da Zarautzen grabatutakoa.

Landaola Gipuzkoako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak sustatutako Azokatik Mahaira saioak Zarauzko Merkatu plazara egin du bisita bigarren atalean. Hala, Oinatz Martinez Iturrioz kazetariak gidatuta, eraikinaren historia azaldu dute eta bertako arduradunen azalpenak jaso dituzte.

Halaber, Merkatu Plazan postuak dituzten zenbait saltzaile eta baserritarrekin hitz egin dute eroketak egitearekin batera. Ondoren, Xabi Martinez Ordiziako Martinez jatetxeko sukaldariak prestatu ditu Zarautzen erositako tokiko produktu horiek. Izan ere, Gipuzkoak merkatuak ezagutzera emateaz harago, tokian tokiko produktuei eta ekoizle txikien lanari balioa ematea da Azokatik Mahaira saioaren helburua.