Fermin Muguruzaren 'Bidasoa 2018-2023' dokumentala emango dute gaur

Aritz Mutiozabal 2023ko aza. 21a, 10:00

Bidasoako muga zehartzen ahalegintzen diren migratzaileen bizitza du ardatz ikus-entzunezkoak. Modelo aretoan eskainiko dute, 19:30ean hasita.

Fermin Muguruzak zuzendutako film-dokumentala da Bidasoa 2018-2023, Bidasoa ibaia gurutzatzen duten migratzaileen egoera ardatz duena. Irailean estreinatu zuten 71. Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean, eta harrezkero, oihartzun eta zeresan handia sortu du jorratzen duen gaia delako. Gaur arratsaldean, 19:30etik aurrera. Modelo aretoan izango da ikusgai, Saio Originala zikloaren barruan.

2018ko udan Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasabide batzuek itxi eta kontrolak ezarri zituen Frantziak, Europako gainontzeko herrialdeetara migratzaileen sarrera eragozteko; urtebetean hamar hildako eragin zituen neurri horrek. 2021eko apiriletik zazpi pertsona hil dira Bidasoa ibaiko uretan itota, Irun eta Hendaia artean, eta 2021eko urrian beste hiru migratzailek bizia galdu zuten Ziburun, tren batek harrapatuta. Bidasoa 2018-2023 dokumentalak, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileren lekukotzak jaso ditu, besteak beste, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkarienak. Horrez gain, bizia galdu duten migratzaileak ere gogoan ditu.