Oteitza Lizeo Politeknikoa saritu dute 'Ekonomia zirkularra modelatuz' erakusketan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 23a, 09:00
'Ekonomia zirkularra modelatuz' erakusketan saritu duten Oteiza Lizeo Politeknikoko ikasle taldea. (Gipuzkoako Aldundia)

Eskultura berritzailea sortu dute birziklatutako materialekin Gipuzkoako Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak antolatutako ekimenaren bosgarren ediziorako.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuak lurraldeko bederatzi Lanbide Heziketako Ikastetxe saritu ditu Ekonomia Zirkularra Modelatuz erakusketan. Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan antolatu du ekimena eta saritu horien artean Zarauzko Otetiza Lizeo Politeknikoko ikaste talde bat dago. Bertako kideek Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuaren eskutik jaso zuten diploma atzo goizean.

Aldundiak jardunbide jasangarriak sustatzeko eta hondakinen kudeaketa egokiari buruz kontzientziatzeko ikastetxeek erakutsi duten konpromisoagatik aitortu ditu Otetiza eta beste zortzi zentroak; izan ere, material birziklatuak erabili dituzte mostran erakutsitako eskulturak egiteko. Donostiako Okendo plazan dagoen GK Recycling karpan daude ikusgai lan guztiak.

Asensio diputatuak azpimarratu duenez, "Ekonomia zirkularra, Jasangarritasun Departamentuaren helburu estrategikoetako bat da, hondakinak murrizteko eta hondakin horiek lehengai gisa erabiliko dituen sektore ekonomiko berri bat sustatzeko bide gisa". Bada, testuinguru horretan kokatzen da, hain justu, Ekonomia Zirkularra Modelatuz erakusketa, Asensioren hitzetan: "Sorkuntza artistikotik haratago doa, lurraldeko gazteak hondakinetatik abiatuta, produktu berriak fabrikatzeko baliabide eta lehengai gisa duten balioaz kontzientziatzea bilatzen duelako. Sormenezko adierazpenaren bidez, ikasleak ekonomia zirkularraren kontzeptura hurbiltzen dira eta ikuspegi jasangarri eta arduratsua garatzen dute".