Santa Zezilia Eguna zarauztarrekin ospatu dute herriko abesbatzek

Onintza Lete Arrieta 2023ko aza. 23a, 12:46

Atzo iluntzean atera ziren kalera Zarautz Abesbatza, Montetxio, Udaberri, Zarautz Kantuan eta Schola Cantorum, Musikaren Nazioarteko Eguna ospatzera. Gaur, berriz, Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek zeharkatuko dituzte herriko kaleak, hiru taldetan banatuta.

Atzo, Santa Zezilia Eguna, Musikaren Nazioarteko Eguna, kantuz alaitu zituzten Zarauzko txokoak herriko bost abesbatzek. Izan ere, kalez kale ibili ziren kantuan Zarautz Abesbatza, Montetxio, Udaberri, Zarautz Kantuan eta Schola Cantorum. 19:30ean abiatu ziren Musika Plazatik, eta 21:00etara arte aritu ziren Agur Herria, Gernika aldera eta Herriko Jatorrak abestiak kantatuz.

Txistu eta atabal doinuek lagundu zieten ibilbide osoan zehar.

Gaur, berriz, Imanol Urbieta Musika Eskolako ikasleak eta irakasleak ibiliko dira kalejiran. Urtero bezala, musika eskolatik abiatuko dira, 17:30ean, hiru taldetan banatuta: alde batetik, haizezko instrumentuak joango dira; bestetik, tailerreko eta solfeoko haurrak, eta, azkenik, trikitilariak eta pandero-jotzaileak. Musika Plazan elkartuko dira guztiak, elkarrekin abesteko. Kalejirakoak iritsi bitartean, piano eta biolin doinuak izango dira nagusi Musika Plazako kioskoan.

Ohi bezala, saioa amaitutakoan txokolate beroa eskainiko dute bertaratutako herritarrentzat.

Argazkiak: utzitakoak.