Indarkeria matxistaren aurka "indarrak batzeko" deia egin du Itaiak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 25a, 20:00

Elkarretaratzea egin dute Lege Zaharren Enparantzan hainbat lagunen babesarekin eta beharrezko jo dute datorren ostegunean kalera berriro irtetea "guztiontzat kalitatezko lan eta bizi baldintzak aldarrikatzeko".

Urola Kostako Itaiak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean hainbat herritarrek Lege Zaharren Enparantzan. Zarauzko bizilagunak ez ezik, inguruko herrietatik etorritakoak ere izan dira bertan. Emakumeen Antolakunde Sozialistak "indarkeria matxistaren aurka indarrak batzeko" deia egiteko baliatu nahi izan du azaroaren 25a; izan ere, iritzi du ezinbestekoa dela "gizarte osoaren inplikazioa emakume langileen aurkako eraso ororekin amaitzeko".

Itaiaren esanetan, "agerian geratu da" instituzioek martxan jarri dituzten berdintasun politikek ez dutela lortu emakume langileen zapalkuntzarekin amaitzea. Horregatik, dio "beharrezkoa" dela "fartsa honetatik kanpo antolatzea, instituzioak eta bertako politikari profesionalak baitira indarkeria matxista betikotzen duen gizarte kapitalistaren sostengatzaileak". Bide horretan, bi egiteko nagusi ikusten ditu Itaiak: "Batetik, emakume langileon azpirakuntza eta gure aurkako indarkeria matxista normalizatzen duen industria kulturalari eta instituzioei aurre egitea; eta, bestetik, indarkeria matxista jasan duen emakumeak beharrezko dituen babes material, sozial eta ekonomikoak bermatzea".

Halaber, azaroaren 30ean kalera berriro irteteko deia egin du Itaiak: "Guztiontzat kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak aldarrikatu nahi ditugu: guztiontzat soldata berdintasuna bermatuta izatea eta zaintza lanak guztion ardura izatea exijitzen ari gara". Hori horrela antolakunde sozialistak espero du "greba egunak balio dezala gizarte aske bat eraikitzera bidean gaitasun politikoak areagotzeko era gero eta emakume langile gehiago antolakuntza politikora batzeko".