Lehenengo emakume pilotariei buruzko erakusketa zabaldu dute Photomuseumen

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 2a, 14:00

Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak sortu du eta bost ataletan banatu dute erakusketa. Nolanahi ere, Zarautzek ere izango du bere protagonismoa, gogoratuko dituzten profesionalen artean urte luzez herrian bizi izan zen Maria Luisa Senar erraketista baitago.

Joan den asteartetik ikusgai dago Photomuseumen lehenengo emakume pilotariei buruzko Emakumea eta Euskal Pilota aldi baterako erakusketa. Urtarrilaren 14ra arte egongo da zabalik eta asteartetik igandea bitartean bisitatu daiteke 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara.

Antolatzaileek azaldu dutenez, Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoak sortutako mostra da pilota jokoan modu profesionalean aritu ziren lehenengo emakumeei eskainitako omenaldi gisa. Era berean, ekimenak zesta-punta eta erraketa modalitateetan jardun zuten emakume haiek ezagutzera emateko balio dezala nahi du museoak; izan ere, erraketistak izan ziren lehenengo emakumezko kirolari profesionalak.

Gogoratuko dituzten emakume pilotarien artean, urte luzez Zarautzen bizi izan zen eta 2016an bertan zendu zen Maria Luisa Senar dago, baina askoz gehiago ere badira: Eugenia Iriondo Eibarresa edo La Bolche ezizenez ezagunagoa, Maria Antonia Uzkudun Txikita de Anoeta, Agustina Otaola, Eladia Altuna Irura, Maria Luisa Alberdi, Mari Carmen Lasagabaster Amaia, Gloria Agirre Txikita de Aizarna, Lucia Areitoaurtenea, Beraza ahizpak (Julita, Mari eta Milagros), Conchita Bustindui, Olga Cazalis, Rosa Soroa, Miren Uzkudun Asteasu, Justina Arenaza Vasquita I eta bere ahizpa Maria, Vasquita II.

Horrez gain, zehaztu dute bost ataletan banatu dutela bilduma: janzkera; erraketa, pilotak eta pilotak egiteko larrua; ekipamenduen bilakaerari buruzko Mercedes de Miguelen marrazkiak; kontratuak, lan-aseguruak eta federazio-fitxak; Loomis Dean-en argazki-sail bat, Life aldizkariak 1950ean enkargaturiko argazkiez osatutakoa; eta, Maider Mendizabal txapeldunaren garaikurra.