A30 greba feminista orokorra

Zaintzarako eskubidea aldarrikatzeko, grebarako deia

Erredakzioa 2023ko aza. 29a, 15:00

Biharko grebarako deia eginez kartel bat Azpeitian. (Maialen Etxaniz)

Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko lanuztera deitu du bihar Euskal Herriko Mugimendu Feministak; Itaiak ere deitu du bihar planto egitera.

"Zaintzarako eskubide kolektiboaren alde", greba feminista orokorrerako deia egin du biharko Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatuko dute, "egungo zaintza eredua guztiz pribatizatu dutelako". Horren ondorioz, "milaka eta milaka emakume baldintza onartezinetan" lanean ari direla salatu dute. Horregatik, ezinbesteko jo dute "bizitzaren zaintzaren egungo ordenamendu soziala eraldatzea". Bihar planto eginda, zera aldarrikatuko dute: "Pertsona guztiek bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko duten eskubidea".

Biharko Euskal Herriko Mugimendu Feministak egindako mobilizazio deiarekin herriz herri hainbat eragilek eta enpresetako langile ordezkarik edota enpresa batzordek egin dute bat. Azpeitian, esate baterako, atzo eguerdira bitartean 27 herri eragilek eta hamahiru enpresatako langileek azaldu zioten babesa lanuzteari.

Era berean, Itaiak bat egingo du biharko deitutako lanuztearekin, baina bere aldarri propioak plazaratuko ditu. Hain zuzen ere, Kalitatezko bizi eta lan baldintza berdinak guztiontzat lelo hartuta mobilizatuko da Itaia bihar.

Itaiaren esanetan, "egunetik egunera emakume langileen bizi baldintzak okertzen ari dira: indarkeria matxistaren gorakada, egiturazko langabezia, soldata baxuak, zaintza arloa…", jarri dituzte adibidetzat Itaiako kideek. Zaintza arloari dagokionez, "emakume langileek soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak eta ratio altuak" dituztela ere gaineratu dute. Horrez gainera, "zaintzaren merkantilizazioa" salatu dute.

Aldarrikapen ekintzak

Azaroaren 30eko greba feministarekin bat egin dute Urola Kosta osoko eragile feministek, zaintza sistema publiko komunitarioa aldarrikatzeko. Hala, tokian tokiko greba batzordeek hainbat jarduera antolatu dituzte biharko, eta arratsaldean Urola Kostako manifestaziora deitu dute Zumaiara

Itaiak, bere aldetik, Euskal Herriko lau hiriburutan egingo ditu bihar eguerdian mobilizazioak, eta Urola Kostako Itaiak Donostian egingo den manifestazioan parte hartzeko deia egin du; 13:00etan abiatuko da Bulebarretik.

EGITARAUA

Zarautz
09:00. Gurpil eta oinezkoen martxa, Eguneko Zentrotik.
11:00etatik 11:45era, mikrofono irekia Lege Zaharren Enparantzan, eragile eta elkarteen aldarrikapenetarako.
12:00. Manifestazioa, Lege Zaharren Enparantzatik aterata.
14:00. Bazkari feminista, musika eskolan. Norberak eraman behar du bazkaria.

Egunean zehar zaintza gunea. 
- 08:45. Irekiera.
- 09:30. Mural pintaketa.
- 10:15. Apaxi ipuin kontaketa
- 11:30. Txokolate jana.
- 12:00. Malabare tailerra.