A30 greba feminista orokorra

Goizean goizetik ekin diote greba feminista orokorrari piketeekin

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 30a, 08:45

Lanera joan direnei jardunaldia eten eta lanuztera batzeko deia egin diete, gaurko iragarritako ekintza nagusiei hasiera eman aurretik. Eguerdian egingo dute mobilizazio nagusia herrian eta zaintza-gunea ere zabaldu dute Bizkaia kaleko 11. zenbakian.

Lantoki atarietan piketeak jarriz, abiatu du zaintza eskubide kolektiboa aldarrikatzeko gaurko greba feminista orokorra Zarauzko Koordinadora Feministak. Sare sozialetan zabaldutako egitarauak zihoen 09:00etan hasiko zituztela ekintzak, baina, aurrez, lanera joan direnen jardunaldia eten eta protestara batzera deitu dituzte.

Datozen orduei begira, berriz, honakoak dira herrian aurrera eramango dituzten ekintzak:

  • 09:00etan, gurpil martxa eta oinezkoen martxa Eguneko Zentrotik abiatuta.
  • 11:00etatik 11:45era, mikrofono irekiak Lege Zaharren Enparantzan eragileek eta elkarteek beren aldarrikapenak plazaratu ditzaten.
  • 12:00etan, manifestazioa Lege Zaharren Enparantzatik abiatuta.
  • 14:00etan, bazkari feminista musika eskolan. Nork bere etxetik eraman beharko du jatekoa.

Arratsalderako, berriz, Zumaiara joateko deia egin dute; izan ere, eskualde mailako manifestazioa egingo dute 18:00etan bertako Beheko Plazatik hasita.

Zaintza-gunea

Zarautzen egingo dituzte aipatu ekintza guztiak iraun bitartean zaintza-gunea ere izango da Bizkaia kaleko 11. zenbakian hainbat gizonen ardurapean. Zehaztu dutenez, 08:45ean zabaldu era 13:00ak ingurura arte iraungo du zerbitzuak.

Horrez gain, azaldu dute zaintza-gunea erabat irekia izango dela eta ez dela beharrezkoa izango aurrez izena ematea. Hala, haurrak bertan uztera animatu dituzte herritarrak, baita gizonak zaintzaile lanak egitera ere. Zerbitzuaren erabilera eta parte hartze ordutegia malgua izango da irekiera orduen barnean, norberaren beharretara egokitua, eta askotariko jarduerak antolatu dituzte haur guztiak eroso sentitu daitezen: Besteak beste, mural margoketa, malabareak, ipuin kontalaria, txokolatada.