A30 greba feminista orokorra

Herri osoko kaleak hartu dituzte dozenaka lagunek zaintza publikoaren alde

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 30a, 11:00

Maria Etxetxiki eguneko zentrotik abiatu dute eguneko lehengo mobilizazio jendetsua eta Lege Zaharren Enparantzara arteko bidean ozen entzun dira zaintza eskubide kolektiboaren aldeko aldarriak.

Dozenaka lagun bildu dira Zarauzko Koordinadora Feministak deitu duen eguneko lehenengo mobilizazio jendetsuan gaurko greba feminista orokorraren harira. Maria Etxetxiki eguneko zentrotik abiatu dute protesta, eta, hain justu, bertako langilek izan dira Feministak garelako greba orokorra zaintza publikoaren alde zihoen pankartari eutsi diotenak oinezkoek egin duten martxan. Beste talde bat bizikletan abiatu da aldarriak herri osoan zabaltzeko.

09:00etan ekin diote mobilizazioari eta Santa Ana egoitzan egin dute bat bi taldeek. Oinezkoak iritsi dira lehenago, eta, geldialdi luzea egin dute bizikletaz joan diren kideen zain. Hori horrela, eragozpenak eragin dituzte trafikoan eta auto ilara luzeak sortu dira Nafarroa kalean Getariarako noranzkoan.

Behin bi taldeek bat egin dutenean elkarrekin jarraitu dute bidea, Lege Zaharren Enparantzara arte. Dena den, beste geldialdi bat ere egin dute bidean. Herriko anbulatorioan, zehazki; izan ere, osasungintza publiko duina exijitu dute bertan. Helmugara iritsitakoan, elkarrekin gosaldu dute manifestariek indarrak hartzeko, zeren eta protesta egun luzea dute aurretik oraindik.