A30 greba feminista orokorra

Ehunka lagunek hartu dituzte herriguneko kaleak zaintza sistema kolektiboa aldarrikatzeko

Jabi Gonzalez Toston 2023ko aza. 30a, 15:30

Euria ez da oztopo izan greba feminista orokorreko Zarauzko manifestazio nagusia egiteko eta atxikimendu zabala izan du. Mobilizazioari ekin aurretik, ekitaldi berezia egin duten hainbat zaintza kolektibotako ordezkariei ahotsa emateko.

Zaintza sistema kolektiboa aldarrikatzeko gaurko greba feminista orokorra jarraipen zabala ari da izaten Zarautzen ere. Horixe erakutsi du, behintzat, eguerdiko herriguneko kaleetako irudiak: euriari aurre egiteko ehunka aterki manifestazioan, Utzi zaintzak pribatizatzeari zihoen pankartari segika.

Nolanahi ere, antolatzaileek deitoratu dute asko izan direla gaurko protesta egunarekin bat egin ez duten enpresak eta haien jarduera eten ez dutenak: "Abendañon lantegi asko ireki dituzte eta gizon asko ari ziren lanean bertan. Horrez gain, herriguneko hainbat denda zabaldu dituzte, merkatalgune handiak, batez ere", azaldu du Saioa Iraola Zarauzko Koordinadora Feministako kideak. Dena dena, "pozik" agertu da "jende asko bildu delako manifestazioan ez ezik, baita Lege Zaharren Enparantzan egin dugun mikrofono ireki saioan ere". Bertan, "edukia jarri" nahi izan diote gaurko egunari.

Hain zuzen, mobilizazioari ekin aurretik egin dute ekitaldi hori, aterpean, zaintza arloari lotutako hainbat kolektibotako ordezkariei ahotsa emateko; izan ere, zaintza "kontzeptu zabala da" eta aurpegi asko ditu. Iraolak nabarmendu du, gainera, behar orokorra dela zaintza: "Guztiok zeharkatzen gaitu, nolabait. Jaiotzen garen momentutik hiltzen garen arte zainduak izan behar dugu. Horregatik, zaintza eskubide kolektibo gisa ari gara aldarrikatzen gaurkoan, historikoki emakumeok arduratu garelako gure etxe edo baserrietan bizitzak sostengatzeaz. Lan horiek banatu beharra dago, justizia soziala hori delako".

Askotariko zaintzak

Hori horrela, askotariko testigantzak jaso dituzte lehen eskutik: hasteko, eguneko zentroko langileek bertako erabiltzaile baten senideak igorritako gutuna irakurri dute. Ondoren, Emakume Kontseiluko bi kidek eta Morroxkak herriko neska gazteen talde feministako beste kide batek egin dituzte beren ekarpenak. Haiei zaintza berezia behar dituen Xuharren amak hartu die lekukoa, eta, bertaratuetako asko hunkitu ditu haren bizipenak partekatzean. Jarraian, Ane Belategi Lopez de Aretxagak lurra eta ingurumena zaintzearen garrantziaz hitz egin du, eta, Agate Burgaña Ama Bakarren Elkarteko kideak bere bizipenak kontatu ditu.

Antolatzaileek azaldu dutenez, egoiliar langileen testigantzak jasotzeko ahalegina ere egin dute, baina azkenean ez da posible izan. Hala, Oneka Emakume Pentsiodunen Elkarteko kideek eman diote amaiera manifestazioaren arreko ekitaldiari kantuan. Konplize ditut eta abestia kantatu dute, zehazki.

Manifestazioaren amaitutakoan, atzera berriro itzuli dira Lege Zaharren Enparantzako aterpera, eta, Uxue Alkorta eta Ainhoa Agirreazaldegi bertsolarien bertsoak entzun ondoren irakurketari ekin diote. Bertan, gaurkoa "mugarria" zan dela azpimarratu dute eta hainbat eskaera zuzendu dizkiete euskal gobernuei: "Zaintza publikoaren bidean agenda markatu ezazue, orain! Bihar bertan eta gurekin harremanetan".

Koordinadora feministak Zarauzko prestatu duen egitaraua elkarrekin ixteko, bazkaria egin dute Musika Eskolan. Dena den, oraindik ez dute gaurko protestekin amaitu; izan ere, Zumaiara joango dira 18:00etan egingo duten eskualdeko manifestazioan parte hartzeko. Maxi Eroskin jarri dute hitzordua 17:00etan karabanan joateko.

Hainbat emakume elkarrekin bazkaltzen Musika Eskolan egin duten bazkari Feministan. (Zarauzko Koordinadora Feminista)