Giro onean ospatu dute beren eguna herriko gazteek

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 4a, 10:30

Dandak antolatuta egun osoko festa egin zuten larunbatean dozenak lagunek. Hiruputzu gaztetxean elkartu ziren bazkaltzeko eta bertan jarraitu zuten ordu txikiak arte.

Gustura aritu ziren joan den larunbatean herriko hainbat gazte Danda gazte asanbladak antolatutako Gazte Egunean. Hiruputzun egin zituzten ospakizunak, nahiz eta Frontoi Txikian hasi zituzten poteo girotuarekin eta harri-jasotzen. Bazkaltzeko elkartu ziren gaztetxean eta bertan jarraitu zuten gaueko ordu txikiak arte zuzeneko musikaz lagunduta.

Bazkariari erreparatuta, nork bere etxetik eraman zuen, baina postreak bertan prestatu zituzten. Ez ziren nolanahikoak izan, gainera; lehiaketa egin baitzuten onena erabakitzeko. Behin bazkaria eta ondorengoak amaituta, 18:30etik aurrera eman zioten jarraipena festari Debrass Band eta Ibil Bedi musika taldeen kontzertuekin. Gaua biribiltzeko DJak ere izan ziren gauerditik aurrera; DJ Landeramez eta DJ Trotik, hain zuzen ere.

Argazkiak: Unai Alberdi eta Danda