Gabonetako kanpaina berria abiatu du Murkilek

Mireia Galarza Bastida 2023ko abe. 5a, 14:30

Hilabetean zehar herriko saltokietan erosita, 500 euroko bi erosketa txartel eta 200 euroko lau txartelen zozketan parte hartuko dute bezeroek.

Abenduaren 1etik hilaren 27ra arte martxan da Murkilen Gabonetako Kanpaina. Bertan, herritarrak zozketa baten sartuko dira elkartera atxikituta dauden saltokietan erosketa bat egiten badute. Zehazki, aurten 40 errege-opil zozkatuko dituzte, 500 euroko bi erosketa txartel eta 200 euroko beste lau. Zozketaren oinarriak Murkilen webgunean ikus daitezke.

Horrez gain, Murkilek gogora ekarri du Gabonetako Argiak ordaintzen laguntzen duela Zarauzko Udalarekin eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza Sailarekin batera. Eta, era berean, alfonbra gorria duten denda ugari ikusi ahal izango direla egun seinalatu hauetan.  Bestalde, Turismo Bulegoak antolatutako erakusleiho lehiaketan ere parte hartzen du, bigarren irabazleari 300 eurorekin sarituz.