Eduki babestua

Zarauzko Udalak berriro ekin dio ‘Zaratarik gabe, hobeto’ kanpainari

Erredakzioa 2023ko abe. 14a, 09:16

Herrian dagoen kutsadura akustikoaren inguruan zarauztarrak kontzientziatzearen aldeko apustua egiten du proiektuak, oraingoan gaueko aisialdiak sortutako zaratan jartzen du arreta.

Zarauzko Udalak Zaratarik gabe, hobeto kanpainari ekingo dio berriro, hau da, zarauztarrek euren etxeetan atseden hartzeko duten beharrari buruzko sentsibilizazio ekinaldiari. Kanpaina hau udalerriko kutsadura akustikoa minimizatzeko 2020/2024 aldirako Ekintza Planaren ekintzetako bat da. Plan horrek pertsonen loa eta atsedena errespetatzeko beharrari buruzko atal espezifiko bat du.

Kanpaina honen bidez, herriko zaratek zarauztarrei eragiten dioten arazoaz kontzientziatzeko beharraren alde egiten du udalak. Era berean, zaratak sortzen dituen osasun-arazoen berri eman nahi du, baita ingurumenean eragiten dituzten ondorio negatiboen berri ere.

Gloria Vazquez, bigarren alkateordeak eta Ingurumen zinegotziak zaratarik gabeko Zarautz baten alde egin du, eta herritar guztien aukera azpimarratu du: "Herritarrak zarata jasaten duten pertsonen osasunari nola kalte egiten dioten konturatzea nahi dugu, arazoaz jabetzea baita hori aldatzeko lehen urratsa. Aisialdiaz gozatzen terrazetan dagoen jendeak jakin behar du sortzen den zaratak eragin larria duela etxepe horretako bizilagunengan, eta horrela, kutsadura akustikoaren maila murriztu ahal izateko", azpimarratu du Vazquezek.

Zarata soinuaren dimentsio negatiboa da, eta eragin negatiboa du pertsonen osasunean: loaren hausturari eragiten baitio epe luzeko eta laburreko ondorio guztiekin, eta ondorio kardiobaskularrak, erantzun hormonalak (estresaren hormonak) eta giza metabolismoan eta sistema immunean izan ditzakeen ondorioak eragin ditzake; laneko eta eskolako errendimenduari ere eragiten dio, eta, gainera, bizikidetza arazo larriak sortzen ditu.

2019an, Zarauzko Zarataren Mapa egin zuen udalak, eta azterlan horretatik abiatuta eta herritarren ekarpenak jaso ondoren, 2020/2024 aldirako zarataren ekintza-plana egin zuten. Planaren ekintzetako bat sentsibilizazio-kanpainak egitea da, herritarrek egoera uler dezaten, eta denon artean, kutsadura akustikoa murrizten laguntzea, bizi-kalitate hobea lortzeko.

Helburu horrekin, Zaratarik gabe, hobeto kanpaina abiarazi zuen hainbat fasetan. Kanpaina horri amaiera emateko, Foru Enparantzan adin guztiei zuzendutako hainbat ikuskizun antolatu zituen, ezaugarri amankomun batekin: garatutako ekitaldietan ez zegoen zaratarik, bertaratutako bakoitzari entzungailuak eman zitzaizkien, bizilagunei trabarik egin gabe entzun ahal izateko.

Ingurumen sailetik sentsibilizazio lanarekin jarraitu nahi dute, eta galdera bat egin diote ikusleari: “Bizi zaitezke zarata honekin zure etxe azpian?” Helburua kaltetutako pertsonen tokian jartzea da, haien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko beharraz jabetzeko, inork ez bailuke nahi zarata hori guztia gure leihoen azpian eduki.

“Gogoratu nahi dut Barren Plazan jasaten duten zarata etengabea dela, nahiz eta asteburuetan areagotu egiten den eta gauera arte luzatzen den, kalean aisialdiko establezimenduetatik kanpo dagoen jendeak sortzen duen zaratagatik. Arazo bera dago Bixkonde kalearen inguruan ere; izan ere, auzotarrei bereziki eragiten die gauak asteburuetan eta jaiegunetan, goizaldeko ordu txikiak arte, eta kalte egiten die, batez ere, gaueko lo-orduei. Ez dira, aisialdia dela-eta, zarata sortzen duten gune bakarrak, baina uste dugu horiek direla kaltetuenak. Zarataren II. Mapa eta dagokion Ekintza Plana egiteko prozesuan gaude, eta bertan gaueko aisialdiak eragindako eraginaren azterketa udalerriko beste eremu batzuetara zabaltzea proposatzen dugu”, gaineratu du Zarauzko Udalak.

Bide batez, jakinarazi nahi du kiroldegiko jarduerak inguruko etxebizitzetan sortzen duen zarataren eragina neurtu eta irtenbideen azterketa bat eskatu dutela, eragin horietan esku hartu ahal izateko eta horiek murrizteko.