Marije Izeta: "Gabonetako azokan edozein etor daiteke guri laguntzera"

Mireia Galarza Bastida 2023ko abe. 6a, 10:00

Marije Zumeta Hotz Zarautzeko kidea eslkartearen Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka Solidarioan. (Mireia Galarza Bastida)

Hotz Zarautz elkartea sortu zutenetik bertako kide da Marije Izeta (Zarautz, 1948). Gabonetako Azoka Solidarioa prestatzen dabil buru-belarri. Laguntzen "gustura" aritzen dela dio.

Ohitura bihurtu da urtero Hotz Zarautzek antolatzen duen Gabonetako Azoka Solidariora materiala eramatea edo bertatik zerbait erostea. Errefuxiatuei laguntzeko erabiltzen dute bertatik ateratako dirua, eta atzotik urtarrilaren 6ra arte egongo da irekita. Boluntarioen Nazioarteko Eguna izan zen atzo –abenduak 5–, eta boluntario lanean urteak daramatzan Marije Izeta elkarrizketatu du hedabide honek.

Zabalik dago Hotz Zarautzen urteroko Gabonetako Azoka Solidarioa. Zer aurkituko dute herritarrek bertan?

Egia esan, denetik, urtero bezala. Guk beti esaten dugu etxean pare bat urtez zerbait erabiltzen ez badute ekartzeko hona, edozein objektu onartzen dugula hemen, betiere osorik eta garbituta baldin badaude. Normala da, adibidez, arropak bidean zimurtzea edo kristalezko objektuek hauts pixka bat hartzea, baina azken ukituak emateaz gu arduratzen gara, jada martxa hartuta dugu.

Nola erabakitzen duzue produktu bakoitzaren prezioa?

Materiala gure artean banatzen dugu, eta bakoitzak pentsatzen du ea zenbat egongo litzatekeen prest produktu horrengatik ordaintzeko. Izan ere, bat baino gehiago hasi izan garenean produktuaren prezioa erabakitzen, ez ginen ados jartzen. Errazena, beraz, banaka egitea da hori. Gainera, produktuak jaso ahala jartzen ditugu prezioak, eta ez behin erakusleihoan jarrita dauzkagunean. Horrela egingo bagenu, zoramena izango litzateke, zerbait ahaztu egingo litzaigukeelako ziur.

Eta zer gertatzen da saltzen ez diren objektuekin?

Lehenik soberan zer geratu zaigun ikusten dugu. Saldu gabeko produktuak oso onak badira gure etxeetan gordetzen ditugu datorren urterako, ez baitaukagu guk bakarrik erabili dezakegun lokalik. Duguna Azken Portun dago, eta beste talde batzuekin elkarbanatzen dugu. Beraz, han ezin da sartu hemen soberan geratzen zaigun guztia. Gainerakoa, berriz, Emaus elkarteari ematen diogu, eta beraiek erabakitzen dute material horrekin zer egin. Egia esateko, ondo datorkigu elkarte horrekin harremana izatea, material horrek beste bizitza bat izan dezan.

Zazpi urtetan, azokak izan du bere bilakaera.

Noski. Orain Turismo Bulegoa dagoen lekuan hasi ginen egitasmoarekin, eta zoragarria izan zen hasiera hura. Gero, ordea, obrak hasi zituzten leku hartan, eta mugitu egin behar izan genuen. Gerora sortu zitzaigun Barren Plazako aukera. Ikusi genuen hemengo negozioa itxi egingo zutela, eta galdetu genien ea utziko al ziguten lokala hilabete batez azoka solidarioa jartzeko. Oso gustura eta ilusioz erantzun ziguten baietz, eta hemen gaude harrezkeroztik.

Zenbat lagunek jarduten duzue azoka solidarioan lanean?

Elkartean hamar bat lagun ibiltzen gara, baina azoka honetarako egia da bestelako laguntza izaten dugula. Hain zuzen, egutegi bat osatzen dugu, eta nahi duenak eman dezake bertan izena laguntzera etortzeko. Goizez, 11:00etatik 13:30era egoten gara, eta arratsaldez, 17:00etatik 20:00etara. Badakigu jendeak bestelako zereginak dituela, baina guretzat asko esan nahi du behin bada ere laguntzera etortzeak. Izan ere, jendeak badu etorri eta erosteko ohitura, eta lana edukitzen dugu egiteko.

Erosleek, ordea, ba al dakite zertarako erabiltzen duzuen azokan bildutako dirua?

Nik uste dut baietz. Kartelak jartzeaz gain, erosketak egiten dituztenean saiatzen gara azalpenak ematen. Dena den, gehienek prezio merkeagoak daudelako erosten dute hemen, eta ez horrenbeste proiektua babesteko.

Aurtengo azokan bildutako dirua nora bideratuko duzue?

Ukrainan ez dituzte nahi jada materialez betetako kamioiak, nahiago dute dirua, eta hara bideratuko dugu zati bat. Zaporeak elkarteari ere lagunduko diogu, baita Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEari ere.

Beste elkarteei laguntzeaz gain, zuzeneko harremana ere izan duzue errefuxiatuekin.

Bai. Ez da bakarrik diruz laguntzea, beraiek Euskal Herrira iritsitakoan jendea behar dute inguruan. Adibidez, Siriatik hainbat familia iritsi ziren, eta horiek ezagutzeko zortea izan genuen. Duela zazpi urte inguru etorri ziren, eta dagoeneko oso egokituta daude hemen. Gaur egun, Donostian eta Zestoan bizi dira. Gerora Afganistandik ere iritsi dira familia batzuk, eta zorionez, denentzako lortu dugu etxebizitza bat. Hemen bizi nahi zuten, eta lortu genuen beren helburua. Dena den, horiekin gertatu dena da ikasketak ez dizkietela oraindik hemen baliozkotu eta ez dakitela horretarako aukerarik izango duten etorkizun hurbilean. Alemanian, adibidez, erraztasun handiagoa dute zentzu horretan, baina pentsatzearekin bakarrik bizilekua aldatu eta bizitza berri bat berriro zerotik hasi beharko dutela...

Gabonetako azokaz gain, jarraituko al duzue urtean zehar antolatzen dituzuen bestelako ekintzekin?

Noski. Gu jabetzen gara errefuxiatuen auziari buruzko kontzientzia sortzeko pixkanaka jarraitu beharko dugula lanean, baina gustura aritzen gara horretan, eta jarraitzeko prest gaude: Gabonetako txokolatada solidarioa, Zarautz Abesbatzaren kontzertu solidarioa...

Ia hamarkada bat mundu osoko errefuxiatuei laguntzen

Bigarren Mundu Gerraz geroztik, errefuxiatu krisi handiena izan zen 2015ean, mundu mailako gatazkek eragindako migrazio mugimenduen ondorioz.

Testuinguru horretan sortu zen Hotz Zarautz gobernuz kanpoko erakundea, Siriako gerraren bueltan, batez ere.

Urte batzuk pasatu dira harrezkeroztik, eta gerrak amaitu ez, baizik eta areagotu egin dira: Afganistan, Ukrainia...

Errefuxiatu horiei laguntzea helburu duen elkartea da Hotz Zarautz, eta bi lan lerro nagusi ditu: sentsibilizazioa eta dirua biltzeko ekintzak antolatzea. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide