Astelehenetik aurrera izango da eskuragarri 2024ko udal egutegia

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 7a, 11:15

Urtero bezala, Zarauzko Argazkizale Elkartek kideen irudiek apaindu dute egutegia. Turismo Bulegoan banatuko dituzte aleak, doan, horiek agortu arte.

Zarauzko Argazkizale Elkarterekin elkarlanean, Zarauzko Udalak arrakasta itzela izaten duen egutegia kaleratzen du urtero. Joan den aste arratsaldean aurkeztu zuen 2024ko egutegi berria Portuetxeko udalbatzar aretoan eginiko ekitaldian. Bertan izan ziren Xabier Txurruka alkatea, Irune Urbieta eta Gervasio Gabirondo zinegotziak eta Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideak.

Ohiko moduan, argazkizale Elkarteko kideek aurkezturiko argazkiekin osatu dute egutegia. Hilabete bakoitza egile baten argazkiak irudikatzen du: azala, Alberto Zarobe; urtarrila, Joxemai Azkargorta; otsaila, Unai Aizpurua; martxoa, Unai Alberdi; apirila, Luis Epelde; maiatza, Jokin Izar; ekaina, Jon Atxutegi; uztaila, Marimar Castro; abuztua, Iñigo Rico; iraila, Patricia Schaan; urria, Marisa di Santo; azaroa, Arbil Iciar; abendua, Cristina Pedrosa; eta kontrazala, Isabel Agirretxe.

Egutegia astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango da Turismo Bulegoan, 09:30etik aurrera eta aleak agortu arte. Doakoa da, herritarren artean banatzeko, eta pertsonako hiru egutegi eskuratu ahal izango dira gehienez ere. Bi formatu jarriko dituzte aukeran, mahai gainekoa eta paretakoa. Aurten, paretako 6.000 ale argitaratu dituzte, iaz baino mila gehiago, eta mahai gaineko 2.000 ale.

Argazkiak: Jabi Gonzalez Toston