Orioko, Getariako eta Zarauzko 266 gaztetxo elkartu dira sanikolasetako 3x3 saskibaloi txapelketan

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 8a, 15:00

Zast saskibaloi taldeak eta Orioko Herri Ikastolak antolatu dute lehiaketa, eta besteetan bezala, aurten ere elkartasuna izan da nagusi, parte hartzaileek poltsaka janari eraman baitute, gero horiek Caritasi eta Gizarte Zerbitzuei emateko.

Orioko, Getariako eta Zarauzko 266 neska-mutil animatu dira Orioko San Nikolas jaietako 3x3 saskibaloi txapelketa solidarioan parte hartzera, eta gaur goiz-eguerdi partean elkartasun taupadaz bete dute herri horretako Karela kiroldegia.

Partaideek janariz betetako poltsak eraman behar izan dituzte lehian parte hartu ahal izateko, eta antolatzaileek –Zast saskibaloi taldea eta Orioko Herri Ikastola– mantak ere eskatu dituzte etxegabeentzat.

Horrez gain, gaur borondatea ere eskatu dute, bildutako diruarekin janari freskoa erosi ahal izateko. Aurten bildutako janaria herrian bertan banatuko dute, Caritasi eta Gizarte Zerbitzuei emango baitiete, horiek hilero egiten duten janari banaketan bana dezaten.