Astelehenean bukatuko da Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan izena emateko epea

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 9a, 11:00
Javier Lukas argazki dendako erakusleihoak irabazi zuen iazko Gabonetako Erakusleiho Leihaketa. (UKT)

Lehiaketak abenduaren 11tik urtarrilaren 6ra arte iraungo du. Edonola ere, abenduaren 20an jakinaraziko dute irabazlea.

Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute aurten ere Zarauzko Udalak eta Murkil Zarauzko Dendarien Elkarteak. Azaroaren amaieran eman zuten 41. edizioaren berri, eta herriko establezimendu batzuek dagoeneko izena eman badute ere, gogora ekarri behar da lehiaketan parte hartzeko azken egunak direla. Hain justu ere, astelehena baino lehen, abenduaren 11 aurretik, amaituko baita epea.

Parte hartzeko interesa duten dendariek Turismo Bulegora bertaratuta edo 943-83 09 90 telefono zenbakira deitu behar dute. Lehiaketak abenduaren 11tik urtarrilaren 6ra arte iraungo du, eta tarte horretan erakusleihoek apainduta egon beharko dute epaimahaiko kideek baloratu ditzaten.

Abenduaren 20an emango dute ebazpena, eta irabazleak 600 euroko saria eta garaikurra jasoko ditu. Bigarren sailkatuarentzat ere izango da saririk, 300 euro, hain zuzen ere.