Jende ugari dabil Gabonetako Jaiotza bisitatzen

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 10a, 09:00

Hiru egun baino ez dira Narrosko jaiotza klasikoa zabaldu zutela, eta dagoeneko bisitari asko dabiltza joan-etorrian, Gabon giroan murgilduta.

Ostegunean zabalduko zuten Gabonetako Jaiotza Narros jauregiko lorategian, eta egunotan, zubi luze hau aprobetxatuz, jende ugari ibili da Schola Cantorumek mimo handiz antontzen duen instalazioa bisitatzen. Jaiotza egunero egongo da irekita, urtarrilaren 7a bitartean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara.

Ohi bezala, Schola Cantorum abesbatzak emanaldia eskainiko du abenduak 24an, Gabon Gaueko arratsean, 18:30ean hasita. Egun horretan jarriko dute Jesus haurtxoaren figura estalpean; ordura arte, sehaska hutsik ikusiko dute bertaratzen direnek.

Gainera, egunean zehar Gabonetako abestiak jarriko dituzte, eta Jesusen jaiotzaren inguruko hainbat eszena girotuko dituzte audio bidez; 18:30ean, 19:30ean eta 20:30ean, alegia.