Zarautz Abesbatzak larunbatean eskainiko du Gabonetako Kontzertu Solidarioa

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 12a, 09:15

Zarauzko Abesbatzaren iazko kontzertu solidarioa. (Jabi Gonzalez Toston)

Frantziskotarren elizan izango da, eta sarrera doakoa bada ere, borondatea eskatuko zaie bertaratzen direnei. Bildutako dirua Hotz-Zarautz elkartearen proiektuetara bideratuko dute.

Zarautz Abesbatzak III. Gabon Kontzertu Solidarioa eskainiko du larunbat honetan, eta beste urte batez, Hotz Zarautz Gobernuz Kanpoko Erakundearekin elkarlanean antolatu dute. Frantziskotarren elizan izango da emanaldia, 20:00etan hasita, eta doako izango bada ere, borondatea eskatuko diete bertaratzen diren entzuleei, saio amaieran elizaren atarian jarriko duten kutxaren bidez. Hala, biltzen duten dirua pertsona errefuxiatuen aldeko proiektuetara bideratuko du Hotz Zarautzek.

2018an antolatu zuen lehen aldiz Zarautz Abesbatzak ekimen solidarioa, eta orduko hartan Munduko Begiak erakundearekin antolatu zuen. Esperientzia hura berriro errepikatze aldera eta jarraipena emateko asmoz heldu zioten iaz, eta aurten ere ez du hutsik egingo. Emanaldian Zarautz Abesbatzako hiru taldeek hartuko dute parte, eta haiekin batera, Imanol Urbieta Musika Eskolako biolin-jotzaileak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide