Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunerako sarrerak bihartik izango dira eskuragarri

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 13a, 16:30

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Aritzbatalde kiroldegian aurrez eskainitako emanaldia. (Zarauzko Hitza)

Haurren Gabonetako Hamabostaldiren barruan antolatu dute hilaren 30erako eta bi saio eskainiko dituzte, Aritzbatalde kiroldegian: bata, 16:00etan izango da, eta, bestea, 18:30ean.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek emanaldia eskainiko dute datorren abenduaren 30ean Aritzbatalde kiroldegian eta sarrerak bihartik aurrera jarriko dituzte salgai. Andatza kafetegian eta Santa Marina kaleko Suna gozotegian erosi ahalko dira 7 euroan.

Haur Kultur Taldeak antolatutako 41. Haurren Gabonetako Hamabostaldiaren barruan eskainiko dute emanaldia eta antolatzaileek azaldu dutenez, emanaldi egunaren aurretik sarrerak agortzen ez badira, kiroldegiko leihatilan salduko dituzte azken sarrerak emanaldi egunean bertan 15:00etatik aurrera. Zentzu horretan, ikuskizunaz gozatzeko aukera ahalik eta haur gehienek izan dezaten, bi saio egingo dituzte: bata, 16:00etan izango da, eta, bestea, 18:30ean.

Ez gara jaitsiko! ikuskizuna izango da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek Aritzbatalden taularatuko dutena eta nondik norakoak ere azaldu dituzte. Hala, aurreratu dute zuhaitz baten adar burura igoko dela Marimotots lurra hobeto ikusteko eta hari jarraituko diotela Pirritxek eta Porrotxek. Hiru pailazoak zuhaitzez zuhaitz eta addarrez adarri ibiliko dira eta espero gabeko lekuetara iritsiko dira horrela.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide