Martxel Aizpurua: "Erleekin lotutako usadio asko dago euskal gizartean"

Mireia Galarza Bastida eta Gorka Eizagirre 2023ko abe. 14a, 13:30

Gaur egun erretiroa hartuta dagoen arren, erleen munduan lan mordoxka egindakoa da Martxel Aizpurua. Material hori guztia bildu du Erletxo erletxo. Nagusia hil da liburuan.

Geldirik egon ezin duen horietakoa da Martxel Aizpurua (Alegia, Gipuzkoa, 1949) erlezaina. Gaztetan Biologia ikasi eta Palinologian espezializatu zen, eta irakasle aritu ostean, UZEI natura zientzietako hiztegien arduradun izan zen, biologiako terminologia lantzen. UEUko Natur Zientzietako sailaren arduradun ere izandakoa da, eta bere bizitzako ia azken 40 urteak erlezaintzara bideratu ditu. Gai horrekin lotuta dago bere azken liburua. 

Udan argitaratu zenuen Erletxo, erletxo. Nagusia hil da liburua UEUrekin. Nondik sortu zen ideia?

2020an, pandemia aurretik, nire aurreko liburua argitaratu nuen, Erleekin solasean. Etxean igaro genuen tarte hartan tiraderak txukuntzen hasi eta hainbat urtetan gordetako dokumentuak aurkitu nituen, eta pentsatu nuen horiekin guztiekin zerbait egin nezakeela, ezin nituela zakarretara bota. Pixkanaka-pixkanaka hasi nintzen materiala biltzen, eta hortik atera da liburua. Pandemiaren ondorio ona dela esan dezakegu.

Hainbat atalek osatzen dute zure azken lana. Zer jaso nahi izan duzu bertan?

Esango nuke ez dela erleen bizitzari buruzko liburu bat, baizik eta erlezaintza azken 40 urteetan fenomeno soziologiko bezala nola ikusi dudan. Batetik, badago alde produktiboari buruzko lanketa bat, jendeak hainbat produktu ateratzeko erabiltzen dituelako erleak. Bestetik, egoera etnografikoari buruzko azalpenak daude, hau da, gizarteak erleei buruz azken urteetan izan duen iritzia. Gure amak, adibidez, esaten zuen erlea bedeinkatua zela, eta Joxe Migel Barandiaranek, berriz, sakratua zela.

Alderdi historikoa ere ukitu dut, alegia gaur egun hemen dagoen Apis mellifera iberiensis erleari buruzko azalpenak eman ditut: nondik eta noiz etorri zen, gaur egun nola ari diren lanean hemen inguruko elkarteak espezie hori hobetzeko... Bukatzeko, arlo literarioa ere sartu dut liburuan. Izan ere, euskaraz asko idatzi da erleei buruz, eta liburu horiek idatzi dituzten autore bakoitzari biografia txiki bat eskaintzeaz gain, lan horien zatitxo bana txertatu dut. Lehenengoa Joakin Santa Barbarak idatzi zuen, 1827an, Erle gobernatzailleen guidariya izenarekin, eta harrezkeroztik asko izan dira euskaraz erleei buruz idatzi duten idazleak.

Nahiko izenburu bitxia du liburuak. Zerri egiten dio erreferentzia?

Lehen esan bezala, erlearekin lotutako usadio asko daude gure gizartean, eta horietako bati erreferentzia zuzena egiten dio izenburuak. Garai batean, nagusia hiltzen zenean, norbait, normalean semea, erleengana joaten zen, eta kox-kox-kox hiru aldiz erlauntza jo ostean, esaldi hori esaten zien erleei: "Erletxo, erletxo. Nagusia hil da. Egizu argizari asko bera zerura joateko".

Zuk orain urtebete eman zenien erretiroa zure erleei. Zer eman dizu erlegintzak?

Lana eta buruhausteak [barrez]. Inguruari erreparatzen badiogu, kontura gaitezke behi bat eta gizakiok berdinak garela; gu bezala ahotik jaten dute, esnea ematen dute... Erlea, ordea, ezin duzu zurekin eraman katean lotuta, taldean aritzen da, eta beraiek ulertzeko taldeari erreparatu behar diozu: erregina falta den, leku falta duen, gaixotasunen bat ote duten...

Hurrengoan erlea bizi-bizi dagoela ikusi eta asmatu duzula konturatzen zarenean, sekulako poza ematen dizu, eta horrek asko erakarri izan nau. Sektorearen gurpilean sartuta, beste leku askotan bezala, gero ezin duzu irten. Ni, gainera, baserriko semea naiz, eta lehen sektorearekiko zor moduko bat sentitzen nuen. Ez dakit zor hori kitatu dudan ala ez, baina lan asko egin dut behintzat. Jende asko ezagutu dut, mundu berri bat ezagutu dut, eta horrek asko bete nau urte hauetan guztietan.

Erlegintza hain aspaldiko diziplina izanda, asko aldatu al da urte hauetan guztietan?

Bai. 1988an gaixotasun bat etorri zen Euskal Herrira, akaro txiki bat. Ordurako sortuta geneukan Gipuzkoako Erlezain Elkartea, eta horri aurre egiteko gai izan ginen inguruko beste hainbat erakunderekin batera. Erabiltzen genituen gailu asko berritu egin ziren, eta esan daiteke harrezkeroztik erlezaintza modernoa dela inguruan duguna. Informazio askoz ere gehiago dago gaiari buruz, eta osasun aldetik ere egiten den kontrola askoz ere zorrotzagoa da. Informazioa behar duenak gaur egun, badaki badagoela.

Bi mila erlezain inguru daude Euskal Herrian gaur egun. Datu onak al dira horiek?

Baietz esango nuke. Izan ere, horiek guztiak ez daude bakarka, baizik eta hainbat motatako elkarteetan osatuta: lurralde mailakoetan, herrietako elkarte txikiagoetan... Aldi berean, beste batzuk elkartu dira eztia batera ateratzeko edo merkaturatzeko. Gainera, asko eta asko gazteak dira; beraz, esan daiteke bizitasun maila handia duela sektoreak. Dena den, aipatu behar da ia bere osotasunean erlegintzan diharduten oso profesional gutxi daudela, eta afizioak mantentzen duela erle kopurua. 

Aurrera begira, zein dira sektorearen erronkak?

Erlezaintza kaletarrentzat ez da gertuko zerbait, eta horretan jarduten dutenek baloratuta sentitu behar dute, lehen sektoreko beste askok bezala. Erronka praktikoei dagokienez, elkarteak indartsu mantentzen eta ikerketari garrantzia ematen ikasi beharko genuke. Lan asko dago