Lehen sektorea sustatzeko, Amillubi Lurra Taupaka egitasmoa abiatu dute eskualdean

Urtzi Oteiza eta Nerea Uranga 2023ko abe. 14a, 11:21

Lurra babesteko eta lehen sektorea nahiz elikadura sistema indartzeko, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta bere lurrak erosteko bidea hasi du Biolurrek Amillubi Lurra Taupaka egitasmoa abiatuta. Proiektuaren berri eman dute Amillubin bertan Leire Ibarretxek, Oihana Usabiagak eta Jone Juaristik.

Biolurrek Amillubi Lurra Taupaka proiektu berria abiatu du, Zestoako Iraeta auzoko Amillubi baserria eta bere lur eta basoak erosteko urratsak modu kolektiboan eginda. Egitasmo berriarekin "lurra ondasun kolektibo bilakatzea" du helburu Biolurrek. Amillubi baserria eta lurrak erosita, lurra "espekulaziotik eta artifizializaziotik" babestu nahi dute, lehen sektorea eta elikadura sistema "indartzeko".