Salberdingo azken etxebizita tasatuen zozketarako izen ematea etzi itxiko dute

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 16a, 13:00
Salberdingo urbanizazio berria izango dena. (Zarauzko Udala)

Promociones Salbide enpresak eraikiko ditu eta 139 izango dira. Modu telematikoan nahiz presentzialki aurkeztu daitezke eskaera orriak.

Salberdingo R10, R11, R12 eta R13 partzeletan etxebizitzak eraikitzeko lanek aurrera jarraitzen dute eta tasatutako 139 bizilekuetako bat eskuratzek zozketa ere gerturatzen ari da. Horretan parte hartzeko, dena den, ezinbestekoa da aurrez izena ematea eta etzi, astelehena da horretarako azken eguna. 94 Erregimen Berezikoak izango dira eta 45 Erregimen Orokorrekoak.

Gauzak horrela, interesdunek modu telematikoan egin dezakete inskripzioa udaleko web atarian edota presentzialki Zarautz Lur etxebizitza bulego publikoan. Bete beharreko eskaera orria, berriz, Zarautz Lurren, udalaren webgunean edota Promociones Salbideren webgunean izango dute eskuragarri.

Nolanahi ere, eskaerak aintzat hartu daitezen eta zozketan parte hartu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: Etxebide Babes Publikoko Etxebizitza Esleitzeko Zerbitzu Publikoaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea 2024ko urtarrilaren 15ean, eta, gutxienez 5 urtez etenaldirik gabe Zarautzen erroldatuta egotea, edo, etenaldiekin edo gabe gutxienez 10 urtez. Errentari lotuta, bestalde, 2022ko diru sarrera haztatuak hartuko dituzte aintzat Erregimen Bereziko nahiz Erregimen Orokorreko zozketetarako. Lehenengorako, gehienez 55.009,50 euro eta gutxienez 15.600 irabazi izana; bigarrengorako, aldiz, gehienez 63.472,50 euro eta gutxienez 18.000 irabazi izana.

Zozkatuko dituzten etxebizitza tasatuen prezioak ere zehaztu dituzte, eta, trastelekua eta garajea barne izango dute guztiek. Honakoak dira prezioak: Erregimen Bereziko etxebizitzek 235.480,17 euro eta 310.645,90 euro artean balioko dute, eta, Erregimen Orokorrekoek 291.352,01 eta 374.855,46 artean.