Lan txukuna egin dute ZKE Halterofiliako ordezkariek Espainiako Txapelketan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 18a, 11:30

17 urtez azpikoen lehiaketa jokatu dute asteburuan, Xixonen (Asturias, Espainia) eta herriko sei altxatzailek parte hartu dute. Malen Monasteriok eskuratutako emaitzak izan dira bereziki azpimarratzekoak, bi dominekin itzuli baita etxera.

ZKE Halterofiliako sei altxatzaile gaztek 17 urtez azpikoen Espainiako Txapelketa lehiatu dute asteburuan, Xixonen (Asturias, Espainia), eta maila ona erakutsi dute. Zehazki, Joel Antolin, Alex Balenciaga, Lide Mendizabal, Lore Mendizabal, Malen Monasterio eta Mara Monasterio izan dira txapelketan parte hartu duten altxatzaileak eta guztiak sailkatu dira lehenengo 20en artean, pisuaren araberako norbere kategorian. Haiekin batera, Imanol Zulaika, Jaizki Mendizabal eta Jon Mendizabal entrenatzaileak ere izan dira Xixonen.

Herriko taldeko ordezkari guzti horien artean Malen Monasterio izan da emaitzarik onenak lortu dituena; izan ere, bi domina irabazi ditu 55kilo azpiko kategorian. Zilarra sailkapen orokorrean; alegia, abiadako eta jasotze-altxatzeko probetako emaitzak batuta, eta, brontzea jasotze-altxatzean. Gainera, abiadako proban ere gertu izan du podiuma Monasteriok, laugarren sailkatu baita. 141 kilo jaso ditu guztira eta Euskadiko hainbat marka haustea ere lortu du. Nabarmentzekoa da, halaber, txapelketan guztira parte hartu duten ehun nesken artean zortzigarren puntuazio altuena lortu duela.

Txapelketa lehiatu duten ZKE Halterofiliako beste hiru nesken emaitzei erreparatuta, bestalde, 11. sailkatu da Lore Mendizabal 45kg azpiko kategorian 86 kilo jaso ondoren. Mara Monasteriok ere 11. postua lortu du 49kilo azpiko kategorian 93 kilo jasota, eta, Lide Mendizabalek hemeretzigarrena 55 kilo azpikoan 108 kilo jasota, orotara.

Mutiletan, aldiz, Joel Antolinek bosgarren postu prestigiotsua lortu du 73 kilo azpiko kategorian, guztira, 193 kilo altxatzea lortu ondoren. Alex Balenciaga, azkenik, 11. sailkatu da 81 kilo azpiko kategorian 183 kilo jasota.