'Anatomia de una caida' filma emango dute gaur, jatorrizko hizkuntzan

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 19a, 09:00

Saio Originala ekimenaren barruan eskainiko dute Cannesko Zinemaldiko sari nagusia irabazi zuen ikus-entzunezkoa 19:30etik aurrera, Modelon.

Cannesko Zinemaldi entzutetsuan Urrezko Palma; hau da, film onenaren saria, irabazi zuen Anatomie d'une chute (Anatomia de una caida gazteleraz) emango dute gaur 19:30etik aurrera Modelo aretoan. Saio Originala ekimenaren barruan eskainiko dute ikus-entzunezkoa, eta, ondorioz, jatorrizko hizkuntzan ikusiko dute bertaratzen direnek. Frantsesez eta ingelesez, hain zuzen ere.

Justine Triet zinegile frantziarrak zuzendu du filma eta Sandra Huller alemaniarra du protagonista. Hain justu, Sandra izena duen idazle alemaniarra gorpuztuko du Hullerrek, zeina atxilotu eta epaitu egingo duten Samuel senarra hil duelakoan. Frantziako Alpeetan duten txaletean bizi dira senar-emazteak Daniel seme itsuarekin batera eta eroriko susmagarri baten ondorioz hilko da Samuel.