Hasi dituzte Astiko kantina eraikitzeko lanak

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 19a, 11:00
Astiko kantina berriaren eredua. (Zarauzko Udala)

Material jasangarriak erabiliko dituzte lanak egiteko eta hainbat hobekuntzak ere egingo dituzte inguruan. Obren aurrekontua 900.000 eurotik gorakoa da eta haurrentzako jolas parkea ere eraikiko dute.

Zarauzko Udalak jakinarazi duenez, abiatu dituzte Asti aisia guneko kantina eraikitzeko lanak. Obra horien barruan sartzen dira, era berean, kantinaren funtzionamendurako beharrezko hornidura eta urbanizazio lanak nahiz saneamendu sarearen doikuntza. Zentzu horretan, udalak zehaztu du ingurunearekiko errespetuz integratuko dela eraikina, eta, horregatik, material jasangarriak baliatuko dituztela kantina eraikitzeko. Egurra, batez ere.

Horrez gain, hobekuntzak egingo dituzte aisia gunean; hala nola, merenderoko mahai eta eserlekuak berrituta eta bertan dauden parrilak txukunduta. Horrekin gutxi ez eta jolas parkea eraikiko dutela ere zehaztu dute haurrak bertan jolasteko aukera izan dezaten; izan ere, Iban San Martin Azpiegitura, Obra eta Zerbitzuetako zinegotziaren hitzetan, "Azken urte hauetan, Udal Gobernuaren nahia izan da Astiko kirol instalakuntzen zabaltzeaz gain, garai batean bertan zegoen aisia gunea berreskuratzea".

San Martinek nabarmendu du, halaber, egunero "ehunka" zarauztar nahiz inguruko herrietako biztanleak gerturatzen direla Astira kirola egiteko, paseatzeko edota denbora libreaz gozatzeko. Horregatik, zinegotziak dio horiei zein gerora etorriko direnei zerbitzua emateko "garrantzitsua" izango dela kantina. Horren harira, udalak hitz eman du eraikinaren lanak amaitu aurretik jarriko duela abian zerbitzua kudeatzeko kontzesio prozedura.

900.000 eurotik gorako obra

Lanak jada martxan diren honetan, udalak gogoratu du Jaizubia Obras y Servicios S.L. enpresari esleitu diotela horiek gauzatzeko kontratua eta 918.679,22 euroko aurrekontuarekin egin beharko duela. Datorren urterako amaitu beharko ditu, gainera.

Esleipen kontratuari lotuta, hain justu ere, San Martinek deitoratu du Astiko aisia gunea itxita egon dela aurreko EAJ udal gobernura iritsi aurreko kudeaketaren ondorioz : "2014an EH Bilduren udal gobernuak 25 urterako esleitu zituen Astiko kantinaren berrikuntza lanak eta kudeaketa. Esleipen horretan, lizitazioaren oinarriak betetzen ez zituen kontratu bat esleitu zuen, garai hartan Zarauzko Udalean zegoen PPko zinegotziaren babesarekin. Gu udal gobernura iritsi ginen momentuan, Plan Orokorra betetzen ez zuen esleipen horren aurka egin genuen eta justiziak arrazoia eman dio Zarauzko Udalari urte hauetan guztietan izan diren prozesuetan".