Eskaintza zabalarekin abiatu du Udaberrik San Tomas eguneko astea

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 19a, 13:30
Udaberri elkartea. (Zarauzko Hitza)

Orotariko jarduerak antolatu dituzte ostirala bitartean egiteko: hainbat txapelketa, Intxaursaltsa prestatzeko sukaldaritza ikastaroa eta zozketa, besteak beste.

San Tomas eguna etzi izango bada ere, Udaberri jubilatuen elkarteak ostiralera arteko egitaraua prestatu du. Hori horrela, orotariko jarduerak egiten ari dira atzotik: jokoak, saio gastronomikoak eta zozketak. Zehazki, museko, seiko urreko, tuteko, ping-pongeko, tokako, igeleko, dardoetako eta billarreko txapelketak antolatu dituzte ostirala bitartean egiteko. Sari banaketa ostiralean bertan egingo dute, 11:00etan.

Horrez gain, Intxaursaltsa prestatzeko ikastaroa egingo dute gaur 17:30ean Gran Camping Zarautz jatetxeko Jaime Egaña sukaldariarekin Udaberriko sukaldean eta sagardoa eta gaztainak banatuko dituzte bihar 18:30etik 19:30era, Udaberrin, era berean. Bitartean Gabonetako kantak abestuko dituzte, gainera. San Tomas egunean, berriz, Udaberriko Gabonetako saskia zozkatuko dute, 11:00etan.