Aizpea Manterola: "Heriotzek ez ezik, banaketek ere eragiten dute dolua"

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 20a, 10:04

Aizpea Manterola, aste honetan, Zarauzko kale batean. (Onintza Lete Arrieta)

Doluaz hitzaldia eskainiko du gaur Zarautz Herri Zaintzaileak, 17:30ean, Antonianon. Aizpea Manterola (Zarautz, 1980) kideak azpimarratu du dolua ez dela heriotzarekin bakarrik bizitzen.

Doluaren gaia gertukoa duzu, zure lanean jorratzea tokatzen zaizulako.

Bai. Psikologoa naiz, eta familia bitartekaritza lanak egiten ditut gatazkak edo arazoak dituzten familiekin. Gainera, duela hiru urte ikasketak egin nituen heriotzaz eta doluaz. Doluaren gaia zabala da; izan ere, beti heriotzarekin lotzen dugu, baina dolua zerbait edo norbait galdu duzula sentitzea da. Hori ez da gertatzen soilik heriotzarekin; bikote banaketetan ikusi dut batez ere, baina gerta daiteke lana galtzean, egoera ekonomikoa aldatzean, erretiroa hartzean... Prozesu naturalak dira, baina ikusten badut prozesu horiei aurre egiteko laguntza behar dutela, adituengana bideratzen ditut.  

Bikote banaketetan, umeek ere dolua senti dezakete gurasoak banandu direlako?

Denek sentitzen dute, banaketek aldaketak eragiten dituztelako: etxe aldaketak egon daitezke, aita eta ama ez dituzte ikusten lehen bezainbeste, aitona-amonekiko harremanetan ere aldaketak egoten dira, batzuetan aldatu egiten da beren maila ekonomikoa edo bizi maila... 

Gabonak dira eta etxean aulki huts bat dugu da gaur arratsaldeko hitzaldiaren izenburua. Baina zuk esan bezala, aulki huts hori egon daiteke banaketa bat egon delako, edo norbait kanpora bizitzera joan delako...

Guk heriotzarekin lotuta egiten dugu hitzaldia, hori delako gure gaia, baina ertz askotatik landu daiteke, bai, eta gure saioak denerako balio dezake: banaketa aipatu dugu, baina seme-alabak ezkontzen direnean ere, aldaketak gertatzen dira Gabonetan, familia bat edukitzetik bi edukitzera pasatzen direlako; eta seme-alaba ikastera edo lanera kanpora joan bada, berdin. Badakizu ez duzula pertsona hori galdu, baina ohitura aldatu egiten da, eta galera bezala senti daiteke. Beraz, Gabonetan aldaketak baldin badaude, batez ere lehen urte hori nola kudeatu landuko dugu. 

(Argazkia: Onintza Lete Arrieta)


Norbait ez bada gai Gabonak ospatzeko edo ez badu nahi, galera oso berria delako, errespetatu egin behar al da? Zein da zuen gomendioa?

Noski errespetatu behar dela. Dena da onargarria: bai munduko beste puntara joatea, bai etxean gelditzea, bai beti bezala ospatzea. Gure gomendio bakarra da aurrez hitz egitea; komunikazioa da gakoa. Ahal bada denborarekin bildu behar da, eta erraza izan ez arren, esfortzua egin eta besteei azaltzea komeni da nola gauden eta zertarako garen gai edo zer ez dugun nahi ospatu. Zuk galera bat izan baduzu gaur, eta esaten badizute igande honetan, hilak 24, etxera doazela afaltzera, zer erantzungo duzu? Agian hemendik kanpora joan nahi duzu. Beharbada, aurten behar duzu, babes gisa, min hori ez dadin areagotu. Baina urtea pasatuko da, eta berriz etorriko dira Gabonak, eta ezingo duzu urtero hori egin, bizitzak aurrera jarraitzen duelako, baita zure ingurukoek ere. Eta zeu ere ez zara beti egongo gaur zauden bezala.

Galera ez denean berria, adibidez, duela bost urtekoa baizik, normala al da Gabonak iritsi eta tristura eta negargura sentitzea? 

Uste dugu aurreneko bi urteetan egin behar dela dolua eta ondoren ez dugula gaizki pasatuko. Baina hori mitoa da, gezurra da, eta min asko eragiten du. Norbaitek esaten badit gaizki pasatzen duela Gabonetan, hori oso normala dela erantzungo diot, eta gainera, polita dela. Dolua lantzeak ez du esan nahi ez duzunik mina sentituko edo ez zarela emozionatuko egun batean; kontua da, gertatzen denean, jakitea zer gertatu den, eta aurrera egitea, ez blokeatzea zure bizitza.  

Zer profiletako jendeak parte hartzen du zuen hitzaldietan? 

Zorionez, jada adin guztietako jendea ikusten dugu hitzaldietan. Lehen profila zehatzagoa zen, alargun gelditzen zirenena. Heriotza eta dolua denok biziko ditugu, baina, aldi berean, ez dugu horretaz hitz egiten. Beraz, nola kudeatu halako egoera bat? Nola egin aurre? Horregatik dago horrelako hitzaldien beharra. Gu gustura gaude hitzaldiek duten harrerarekin. 

Joaten direnek zer galdera egiten dituzte? Zer behar dituzte?

Hitzaldietara joaten den jendeak eskertzen du hainbat motatako egoerak islatzea gure saioetan, uneren batean identifikatuta sentitzen direlako. Konturatzen dira ez direla beraiek bakarrik egoera horretan daudenak edo sentimendu jakin batzuk dituztenak. Naturaltasunez hartzen dute. Gehien galdetzen dutena da ea ona den falta den pertsona horretaz oroitzea familian edo lagunen artean; egoera horretan norbait negarrez hasten bada zer egin behar den ere galdetzen dute, baita kanpora joatea erabaki ona den ala ez ere.

Doluaren gaia umeekin nola landu edo haien aurrean nola jokatu galdetzen al dute?

Bai. Umeak, helduak bezalaxe, pertsonak dira. Hortaz, adibidez, aitona hil baldin bada duela bi hilabete, eta familiak erabaki badu Gabonetako zerbait aldatzea, garrantzitsua da umeei hori kontatzea aldez aurretik, eta adieraztea triste gaudela eta horregatik gauza batzuk ez ditugula egingo betiko moduan, eta beste batzuk bai. Aitona oroitzeko moduan parte sentiarazi ditzakegu, marrazki bat egiteko eskatuz, edo zuhaitzean haren omenez zerbait jarrita... Zerbait sinbolikoa egin daiteke, ikusteko nahiz eta fisikoki egon ez, pertsona hori oroitzen dugula. 

Sarri, helduek ez dute umeen aurrean negar egin nahi izaten.

Hala da. Izan ere, helduok ez diegu umeei erakutsi nahi izaten gure hauskortasuna; gainera, batzuetan beren erantzunen eta galderen beldur izaten gara. 

Herritarrentzat gomendio orokorrik ba al duzue?

Batetik, geure buruarekin atseginak izan behar dugu, eta sentitzen dugun hori ahalik eta lasaitasun handienarekin hartu, askotan geure burua gehiegi estutzen dugulako. Bestetik, gu hemen baldin bagaude, beste batzuei esker da. Hau da, gizaki sozialak gara, eta ez genuke hori ahaztu behar, momentu puntual batean bakarrik egoteko beharra eduki arren. 

Zarautz Herri Zaintzaileak lantzen du heriotzaren eta doluaren gaia Zarautzen, baina inguruan badira talde gehiago. 

Bai, hala da. Donostian Bidegin elkartea dago, Orion Zainbizi elkartea... Askotariko ekintzak egiten dituzten hainbat elkarte daude, baina denek ezaugarri bat partekatzen dute: Euskadiko Komunitate Errukitsuen Sareko kideak dira. Urtero antolatzen ditugu hitzaldiak, eta urtero ari dira hazten hitzaldi kopurua eta sare horretara batzen ari diren herri kopurua. 

Bost urteko ibilbidea bete du Zarautz Herri Zaintzaileak


Bost urte bete ditu aurten Zarautz Herri Zaintzaileak. 2018an sortu zuten Iñaki Peñak eta Angel Irastorzak. Bi horiez gain, duela hiru urtetik elkarteko kidea da Aizpea Manterola, eta laugarren kidea gehitu zaie aurten: Miriam Mendoza. Elkartea Euskadiko Komunitate Errukitsuen Sareko parte da.