Transit denda garaile, Zarauzko Gabonetako XLI. Erakusleiho lehiaketan

Mireia Galarza Bastida 2023ko abe. 21a, 09:00

Atzo eguardian banatu zituzten sariak pleno aretoan. (Argazkia: Zarauzko Udala)

Bigarren saria, berriz, Zarautz Optikarentzat izan da -300 euro eta garaikurra lortu ditu-, eta aipamen berezia Ana Atelier dendarentzat izan da. Azken horrek Murkileko Facebook orrialdean bozka gehien izan dituelako jaso du saria.

Gabonen atarian, urtero bezala, Zarauzko Gabonetako erakusleiho lehiaketaren sari banaketa egin dute udaletxeko pleno aretoan, eta Transit dendak lortu du lehen saria -600 euro eta garaikurra eskuratu ditu-. Bigarren saria, berriz, Zarautz Optikarentzat izan da -300 euro eta garaikurra lortu ditu-, eta aipamen berezia Ana Atelier dendarentzat izan da. Azken horrek Murkileko Facebook orrialdean bozka gehien izan dituelako jaso du saria.

Aurten, lehiaketa honen XLI. edizioa izan da, eta guztira 18 negoziok apaindu dituzte euren erakusleihoak: Ari Arkitektura, Francesena Serraila denda, Zarautz Optika, Unai Garrastazu Optika, Jade, Koba Interiorismo, Olaizola Optika, Transit, Pedrosa, Seguros Bilbao, Garmen, Dody´s, Estetika Masane, Josune Moda, Ana Atelier, Nekane belardenda, Sayalero eta Soinean. 

Xabier Txurruka alkateak, bere aldetik, eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartzaile guztiei, eta euren "prestutasuna eta ilusioa" eskertu nahi izan dizkie. Horretaz gain, zarauztarrak gonbidatu nahi izan ditu herriko denda txikietan erostera, eta zera gehitu nahi izan du: "Azken finean, denda horiek dira urte guztian zehar, eta bereziki Gabonetan, Zarauzko kaleak argiz eta kolorez betetzen dituztenak”.

Aurtengo epaimahaiko kideak Leire Arana Turismo eta Merkataritza zinegotzia, Carmen Agirretxe Artezaleakeko ordezkaria, Asunción Fernández-Campinun Murkil elkarteko presidentea eta Javier Lucas izan dira. Azken horrek aurreko urtean irabazi zuen lehiaketa.