Intxaurrondoa, golfaren sustrai

Urtzi Oteiza eta Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 22a, 10:00

Golfeko II. Hickory Open Txapelketa jokatuko dute Zarautzen abenduaren 27an, asteazkena, duela ehun urteko makil eta arauekin. Intxaurrondo adar egur makilak eskuetan, "golfaren esentziara" bueltatzea da helburua. Jon Izulain eta Ion Ander Corral zarauztarrek eman dizkiete xehetasun guztiak hedabide honi.

Gizakia gizaki denetik aritu da bizimodua erraztuko dioten aurrerapen teknologikoak sortzen eta erabiltzen, eta kirola ez da salbuespena. Zerikusi gutxi izango dute duela ehun urte Everest mendia igotzeko mendizaleek erabiltzen zituzten materialek eta gaur egungoek. Mendia eta pertsonak ez dira aldatu; bai, ordea, gainerakoa. Horixe bera gertatzen da golfean ere. Zarauzko golf zelaia duela mende bateko berbera da, apenas aldatu dena. Golfean aritzeko materialek, berriz, hobekuntza franko izan dituzte ordutik. Erosotasunean irabazi arren, kirolaren esentziara itzultzeko ahalegina egin nahi dute golf zale batzuek, eta hala, hickory txapelketa antolatu dute bigarren aldiz herrian. Lehiaketan parte hartzen dutenek duela ehun urte bezala aritu beharko dute golfean: egurrezko makilekin, garaiko arauekin, eta garaiko janzkerarekin.  

Abenduaren 27a, datorren asteazkena, aukeratu dute Golfeko II. Hickory Open Txapelketa jokatzeko, eta xehetasunen berri emateko Zarauzko Real Golf Klubean elkartu dira Jon Izulain (Zarautz, 1976) klubeko lehiaketa batzordeko kidea eta Ion Ander Corral (Zarautz, 1983) Euskadiko Golf Federazioko ordezkaria. "Hickory golfa kirol hori jokatzeko modu berezia da, duela mende bat jokatzen zuten eran aritzen saiatzen garelako", azaldu du Izulainek. Zarauzko golf zelaiak 2016an bete zituen ehun urte, eta modalitate hori praktikatzeko "ezin egokiagoa" da, "beste golf zelai batzuk zabalduz eta handituz joan direlako ordutik, baina Zarauzkoak ia ez duelako aldaketarik jasan, alde batetik itsasoak eta errekak mugatzen dutelako, eta bestetik, inguruko eraikinek". 

Golfean makilak dira garrantzitsuenak, eta horregatik, Izulainek kontatu du iaz aurreneko aldiz txapelketa antolatzea erabaki zutenean, aurreneko lana duela mende bateko makilak berreskuratzen hastea izan zela. Gaur egungo makilak altzairuzkoak edo grafitozkoak dira; ordukoak, berriz, intxaurrondoen adarrekin egindakoak, hau da, egurrezkoak. Hortik dator hickory hitza, ingelesez intxaurrondoa esan nahi baitu. "Hasieran jende gutxik jokatzen zuen golfean, eta dena eskuz egiten zuten. Kirola zabaldu zenean, berriz, material berrien bila hasi ziren, makilak multzoka ekoitzi ahal izateko". 

Jon Izulain, Zarauzko golf zelaian, hickory makilarekin golfean. (Onintza Lete Arrieta)


Gaur egungo makilekin duela mende batekoekin baino distantzia luzeagoak egiten ditu golfeko pilotak, eta gainera, orain jokalariek hamalau makila mota eramaten dituzte poltsan, eta denak erabiltzen dituzte, bakoitza zeregin oso zehatz baterako baita. Azken batean, egun makila pertsona bakoitzaren ezaugarri eta beharretara egokitzen dute. Duela mende bateko makilekin, berriz, "norberak moldatu behar du swinga makila horretara", esan dute barrez. Horrek bere xarma du, baita distantzia laburragoak egiteak ere, Zarauzko zelaiaren ezaugarrientzat aproposa baita hori. Hickory jokatzeko primerakoa, beraz.  

Makilak Eskozian (Erresuma Batua) aurkitu ohi dituztela kontatu du Corralek. Hura da golfaren sehaska, nolabait esateko, eta hara urtero bidaiaren bat egiten dutela azaldu du zarauztarrak. "Garai hartako makilak aurkitzeko antikuarioetara joan ohi gara, edo azoketara, baina ez da erraza, gutxi daudelako, eta dauden guztiek ez dutelako balio; izorratuta egoten dira askotan. Enkarguz egitea ere badago, eta gu Eskoziara ere dezentetan joaten gara, afizio asko dugulako, eta hango antikuarioetan lasai begiratzen ibiltzen gara", aitortu du. 

Intxaurrondo egurrez egindako makilen egokitasuna ere azpimarratu du Corralek. "Egur mota hori malgua da, eta aldi berean, gogorra. Dezente irauten du». Egurrezko makilekin jokatzeaz gain, orduko arauak aplikatzen dituzte txapelketan. «Duela ehun urte ez zuten eskularrurik erabiltzen, ezta tee-rik ere (lurrean kokatzen den plastiko euskarria pilota hobeto jaurtitzeko), eta guk ere ez", azaldu dute. 


Txapelketa, denei zabalik


Datorren asteko lehiaketan edonork parte hartzeko aukera izango du, bazkide izan ala ez. "Amateurrez gain, profesionalak etorriko dira, batzuk kanpotik", gaineratu dute. Dena den, "hasiberrientzat ez da joko erraza", eta horregatik, txapelketa desberdin puntuatuko dute batzuek zein besteek. Bederatzi zuloko zelaia da Zarauzkoa, eta profesionalek bi buelta egingo dituzte, eta hemezortzi zuloetako puntuazioa kontatuko zaie. Amateurrek ere bi buelta egingo dituzte, baina buelta bakoitzeko puntuazio onena hartuko zaie kontuan. Herritarrak saioa ikustera gonbidatu dituzte, bai klubeko tabernatik, nahiz hondartzako pasabidetik.

Goizean golfean aritu ondoren, denek elkarrekin bazkalduko dute, "helburuetako bat jende berria ezagutzea" delako, "kirolaren sustraietara bueltatzearekin batera".