Espainiako Gabonetako loteriaren lehen saria Zarautzen egokitu da

Jabi Gonzalez Toston 2023ko abe. 22a, 14:30

Gemma Silvan administrazioko arduraduna ospatzen. (Jabi Gonzalez Toston)

88.008 zenbakiarentzat izan da aurtengo Espainiako Gabonetako loteriaren sari nagusia, eta Maxi Eroskiko administrazioan zortzi dezimo saldu dituzte.

Espainiako Gabonetako loteriaren sari potoloaren zati bat egokitu da Zarautzen. 88.008 zenbakiaren zortzi dezimo saldu dituzte Maxi Eroski supermerkatu barruko administrazioan. Hala, 3,2 milioi euro banatu ditu, guztira.

Amaia eta Gemma Silvan administrazioko arduradunek pozez hartu dute albistea, eta bigarrenak azaldu duenez, susmoa du familia bakar bati saldu zizkiotela dezimo guztiak atzo bertan: "Eroslea pertsona bakar bat izan dela esango nuke, zeren, makina bidez saltzen ditugu guk dezimo guztiak eta segidan ateratzen dira. Horregatik, uste dugu familiartean edo lagunartean banatzeko erositakoak direla, baina ezin dugu ziurtasunez esan". Zorteduna nor izan den ere ez dakite.

Ahizpek gogoratu dute, halaber, honakoa ez dela lehen saria eman duen lehenengo aldia; izan ere, 2018an ere bi dezimo irabazle saldu zituen. Ordukoak nori saldu zizkioten ere badakite, nahiz eta nahiago izan duten izenik ez argitu. Hala ere, zehaztu dute pertsona bakarrari saldu zizkiotela eta bizitza aldatu ziotela.