Vista Alegreko hiru igogailuen esleipen prozesua abian jarriko dute

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 26a, 12:00
Xabier Txurruka alkatea eta Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotzia, Vista Alegren (Zarauzko Udala)

1.247.218,45 euroko aurrekontua (BEZ barne) izango dute lanek, eta hiru lotetan banatuko dituzte.

Vista Alegre auzoan eraikiko diren hiru hiri igogailu berriak eraikitzeko esleipen prozesua aste honetan jarriko du martxan Zarauzko Udalak. Igogailu horiek Allemendi kalea 3-5, Allemendi kalea 10 eta Orkolaga plaza 2-3 zenbakietan kokatuko dituzte, hain justu ere.

Obraren esleipen aurrekontua 1.247.218,45 eurokoa (BEZ barne) izango da, eta hiru lotetan banatuko dute. Lote bakoitzak igogailu bat izango du, eta obra-zuzendaritza ere lehiaketara aterako dute. Behin obrak adjudikatuta eta enpresa esleipendunekin kontratua sinatuta, enpresek lau hilabeteko epeaan eraiki beharko dituzte igogailuak.

Udalak eraikiko dituen hiru hiri igogailuek "Vista Alegreko auzotar askoren irisgarritasuna eta bizi kalitatea hobetu eta euren etxebizitzetara bidea erraztuko" dutela azaldu du Iban San Martin Obra eta Zerbitzuen zinegotziak. Aldapetako bi igogailuak martxan jarri ondoren, udala Vista Alegreko bizilagunekin harturiko "konpromisoa" betetzen duela nabarmen du zinegotziak.

Alkatearen erantzuna EH Bilduri

Bere aldetik, Xabier Txurruka alkateak udala urteko azken asteetan lantzen ari den proiektuen errepasoa egin du, eta EH Bilduko bozeramaile Itziar Muruak aurreko astean egindako adierazpenei erantzun die: "Udal gobernuaren jardunari kontra egiteko bere obsesioan, EH Bildu lotsagarri geratu da, beste behin, Zarautzen proiektu berririk martxan jartzen ez dela esanez. Salberdinen tasatutako 139 etxebizitzen zozketarako izen-ematea itxi den aste berean, Astiko kantina berriaren obrekin hasi gara, eta datorren astean Vista Alegreko hiru igogailu publiko berriren lanak lizitatuko ditugu, eta, aldi berean, Hegoaldeko pabilioiak eraisteari ekingo diogu, 400 plazako aparkaleku publiko bat egiteko. Ez dago batere gaizki urtea ondo amaitzeko".