"Zuhurtziazko baikortasunez, lurperatze prozesuak aurrera egin dezan jarraituko dugu lanean"

Aritz Mutiozabal 2023ko abe. 30a, 10:00
Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataforma. (Hitza)

Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformarentzat "mugarri garrantzitsua eta funtsezkoa" da Udalbatzak onartutako akordio instituzionala. Hurrengo mugarria, 2024ko udaberrian ETSrekin hitzarmen berria sinatzea liztateke.

Zarauzko Udalbatzak martxoaren 30eko udalbatzarrean trenbidea lurperatzeko akordio instituzionala onartu zuen, eta ordutik hona eman dituen pausoen berri eman du ohar bidez Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformak. Gogora ekarri du udal alderdi guztien babesa izan zuela, eta "lurperatze-prozesua bultzatzeko zenbait konpromiso hartu zirela". Gainera, akordio eta konpromiso horiek hartzea "mugarri garrantzitsua eta funtsezkoa" izan zirela iritzi dio plataformak hemendik aurrerako ibilbidean.

"Hainbat urteko geldialdiaren ondoren, ekimen horrekin lozorrotik ateratzea, adostasuna berreskuratzea eta Zarautzen trenbidea lurperatzeko Proiektu Estrategikoa agenda politiko eta sozialaren erdigunera ekartzea lortu da. Eta suspertze horrek aukera paregabeko leiho bat irekitzen du lurperatze proiektuari behin betiko bultzada emateko", nabarmendu dute.

Maiatzeko udal hauteskundeak igarota, uztailaren 30ean  jo zuten udalera, eta udal gobernuari epe laburrean bi konpromiso betetzeko eskatu zieten: bata, ETSri kontsulta ofizial bat egitea, Zarauzko ekialdean aurreikusitako hirigintza-garapena etorkizuneko trenbidearen lurpeko trazadura gainazalera irtetearekin bateragarria ote den iritzi teknikoa emateko; eta bigarrena, herritarren partaidetzarako foro bat abian jartzea, parte-hartze batzorde bat sortuz.

Proiektu estrategikoa

Hilabete honen hasieran, abenduaren 12an, aurrez aurreko bilera bat egin zuten alkatetzarekin. "Bertan, lehenik eta behin, trenbidea lurperatzea udalarentzat proiektu estrategikoa dela errepikatu zen, zalantzarako zirrikiturik utzi gabe", dio plataformak. Bestetik, adierazi zieten ETSk Zarauzko ekialdean plan orokorraren aldaketak jasotzen duenaren inguruan txostena egina duela, eta bere aldeko irizpena emana duela: "Zarauzko ekialdean trenbidearen etorkizuneko lurpeko trazaduraren lurrazalerako irteera teknikoki bideragarria dela eta bateragarria eremu horretarako hirigintza-planarekin".

Udalaren eta Plataformaren arteko solaskidetza "etengabea" izango dela berretsi zen, eta, beharrezkoa den guztietan, aurrez aurreko bilerak egingo dituztela. "Plataformak Hirigintzako Udal Aholku Batzordean parte hartuko duenez, lurperatze-proiektuaren gaia handik bideratzeko aukera irekita dagoela adierazi zen, eta, hala badagokio, batzorde espezifiko bat sortuko dela", zehaztu dute.

ETSrekin hitzarmen berria

Plataformaren esanetan, hurrengo mugarria 2024ko martxo-apirila izango da, hau da, "ETSrekin hitzarmen berri bat sustatzea eta sinatzea, 2015eko lurperatze-proiektuaren informazio-azterlana eguneratzeko". Izan ere, "udalak espero du ordurako Eusko Jaurlaritzan konpontzea Irita-Amillubirako plan orokorraren aldaketari buruzko ingurumen-inpaktuaren izapidea, eta udalbatzak behin betiko onartzea aldaketa hori. Halaber, adierazi zen udalak ez duela arazorik ETSrekin sinatzen den hitzarmenean oinarrituta dagokion ekarpen ekonomikoa egiteko, horretarako soberakin nahikoa baitago diruzaintzan".

Informazio-azterlanaren eguneraketak, batez ere," irtenbide tekniko bideragarria prestatu eta zehaztuko" du Zarautz ekialdean lurperatutako trenbidea lurrazalera ateratzeko, plataformak jakinarazi duenez. Irtenbide hori 2024an abiaraziko den Plan Orokorraren berrikuspenetik aterako den Plan Orokor (HAPO) berrian txertatu beharko dela azpimarratu dute. "Beraz, bi prozesuak, Azterlanaren eguneratzea eta Plana berrikustea, aldi berean landuko dira, elkar elikatuz eta osatuz".

Bien bitartean, eta "zuhurtziazko baikortasun batetik abiatuta", Trenbidea Lurperatzearen Aldeko Plataformak sinatutako konpromisoak betetzeko eta lurperatze prozesuak aurrera egin dezan lanean jarraitzeko borondate irmoa adierazi du.