Esprintean eta mozorrotuta bukatu da urtea

Aritz Mutiozabal 2024ko urt. 1a, 13:00

San Silbestre lasterketa nagusiak 600 lagunen parte hartzea izan zuen, probako errekorra ezarriz. Aurretik, haurrek egin zuten korrika, eta aurten estreinakoz irristaketako proba izan da.

Urtezahar arratsaldea festarako beta izaten da Musika Plazan. Kirola aitzakia perfektutzat hartuta, urteari amaiera emateko eta girotzen joateko hitzordua da San Sibestre lasterketa. Urtero bezala, Antoniano atletismo taldeak antolatu du aurten ere, eta egundoko arrakasta izan du parte hartzeari dagokionez. Inork ez du hutsik egin nahi korrikaldira, eta astean zehar izena emateko aukera egon den arren, azken unera arte utzi zuten atzokoan ere herritar askok. Hori ere usadio bihurtu da. Kontua da asko dortsalik gabe geratu zirela, izan ere, 600 laguneko parte-hartze mugara iritsi ziren antolatzaileak, probrako errekorra jarriz.

Lasterketari dagokionez, bi ikuspegirekin irteten diren jendea dago: batzuk, lehiatzera, eta besteak, lagunartean ondo pasatzera, eta zenbaitzuk mozorrotu ere egiten dira. Proba serio hartzen dutenen artean, Jokin Lizeaga eta Irati Larrañaga izan ziren garaile; gizonezkoetan, Ivan Rodriguez izan zen bigarren eta Andoni Irazusta hirugarren; eta emakumezkoetan, Nerea Amilibia helmugaratu zen bigarren postuan eta Leire Alkain hirugarren postuan.

Lagunartean eta jai giroan irten zirenak gustura ikusi zitzaien, jendea agurtzen eta irribarrez, Bizar zuriren txapela buruan edo orein adarrekin. Beste batzuk ongi mozorrotuta: Olentzero, sumo borrokalaria, poliziak eta gaizkilea, txinatarrak, dantzariak eta kolore guztietako ileordeak.

Haurrak eta patinatzaileak ere gogotsu

Proba nagusiaren aurretik, haurren San Sibestre lasterketa jokatu zuten. Hauek itzuli bakar bat eman zioten Alde Zaharrari, eta lehen zatian erritmoa kontrolpean eraman zuten Antonianoko bi kideek. Kale Nagusian, Euskalduna tabernaren aurrean, lasterketa librea utzi zuten eta orduan hasi ziren korrikalari txiki guztiak esprintean. Bizkorrenak Xuban Arakistan eta Iraia Castro izan ziren; bigarrenak Jon Zubia eta Marina Agirre; eta hirugarrena Eritz Bidezabal eta Itsasne Mendizabal.

Helduak lasterka irten baino ordu laurden lehenago, ZKE Irristaketa Taldearen ekimenez, San Silbestrea irristaka egiteko aukera izan zuten. Adin ezberdinetako makina bat patinatzaile hartu zuten irteera eta itzuli luze bat eginda, ziztu bizian helmugaratu ziren Musika Plazan, herritarren ikusmin piztuz. Proba honetan ez zen irabazlerik egon, ez zuten podiumik egin, parte hartzea eta ondo pasatzea izan zen helburu bakarra.